Pozik hartu du Diezek saria, baina lantalde osoari dagokion saria dela nabarmendu du. Mugertza krosa antolatzen jende askok hartzen du parte, eta guztiei eman dizkie eskerrak, boluntarioei eta krosaren babesleei, denen artean egiten dutelako atletismoa handi Elgoibarren.
• Astelehena da, 79. Mugertza Krosaren biharamuna. Egiguzu aurtengo edizioaren balorazioa.
Jendea oso pozik geratu zen, eta kanpoko korrikalariak oso pozik joan ziren etxera. Gure partetik, balorazioa ona da. Aurten ezin izan ditugu korrikalari kenyarrak ekarri, baina hala ere, maila handiko lasterkariak izan ditugu. Emakumezko seniorren lasterketa oso ona izan zen, eta juniorretan ere lasterketa politak ikusi genituen.
• Mugertza krosa ikuskizun handia da, baina ikusten ez den lan handia dauka atzetik. Nola antolatzen duzue krosa?
Lan handia da, eta jende asko inplikatzen gara. Irailean hasten gara bilerak egiten zein korrikalari ekarri nahi ditugun pentsatzeko, baina ia urte osoan daude lanak. Gero managerren bitartez egiten ditugu kontratazioak, baina zaila izaten da guk nahi ditugun korrikalariak ekartzea. Afrikarrei traba burokratikoak jartzen dizkiete askotan beraien herrialdeetatik irteteko, baina hala ere, ahalegintzen gara beti onenak ekartzen. Nahi izaten dugu urte batean hemen irabazten duena hurrengo urtean berriz ekartzea. Alde batetik, lan hori dago, eta bestetik kros eguneko montajea. Eskerrak hemen bagauden atletismoa gustuko dugun zoro batzuk! 80 bat lagun behar izaten dira egunean bertan, eta krosa amaitzean, dena batu behar da. Hori izaten da lanik gogorrena. Baina ondo egindako lanak satisfazio handia ematen du.
• Krosaren eguna bera nola bizi izaten duzu?
05:00etan Mintxetan nengoen domekan! Ezin izaten dut lorik egin, eta nahiago izaten dut hara joatea. Urduri egoten naiz. Lehenengo lasterketari hasiera ematen zaion unean hasten naiz lasaitzen, eta hortik aurrera dena hobeto joaten da. Ni helmugan egoten naiz, argazkilariak eta jendea apur bat zaintzen. Egun handia izaten da.
• 22 urtez ari zarete krosa antolatzen, eta 2022ko Kirol Sarietan zuri eman dizu saria klubak. Zer sentitu duzu?
Sorpresa izan zen eta pozik hartu nuen, baina sari hori ez da nirea bakarrik; talde guztiarena da. Eskerrak eman behar dizkiet modu batean edo bestean krosa antolatzen aritzen diren guztiei, bai boluntarioei, eta baita babesleei ere, azken batean, beraiei esker delako posible krosa antolatzea. Seme gaztea atletismoan hasi zenean sartu nintzen ni klubean, laguntzera, boluntario, eta handik bi urtera Ego-Tokik krosa antolatzeari utzi zion. 22 urte pasatu dira ordutik! Erreleboa hartzeko moduan gaude dagoeneko; adinean aurrera goaz eta laster laga egin beharko dugu, baina momentuz ez dago ordezkorik.
• Zigor zure semea bihurtu da Krosaren aurpegi azken urteotan. Harro al zaude?
Bai, jakina. Zigorri asko gustatzen zaio atletismoa eta antolakuntzan laguntzen hasi zitzaigun. Orain berak hartu digu aurrea. Komunikabideak ere lotzen ditu, eta kazetari eta argazkilari pila bat etortzen dira orain. Ingelesez ere egiten du, eta korrikalariekin harreman ona egin du urteetan. Sare Sozialen bidez ere asko hitz egiten du beraiekin, eta atzo bertan Baregarekin ere egon zen hizketan. Hona etortzen diren korrikalariekin harreman handiena berak dauka. Londresera Munduko Txapelketara joan ginenean ere ez ginen oharkabean pasatu. Mugertza krosa irabazitako Kiprutok irabazi zuen proba bat, eta amaieran estadioari buelta eman zion ikusleak agurtzeko. Gure parera iritsi zenean, Zigorrek deitu egin zion eta guregana hurbildu zen. Sekulako besarkada eman zion, eta argazkilari guztiak etorri ziren une hori jasotzera. Gogoratze hutsarekin emozionatu egiten naiz.
• Elgoibar bezalako herri batentzat zer da Mugertza krosa?
Sekulakoa da. 2017an Londresen egon ginen Atletismoko Munduko Txapelketan, eta harrituta geratu nintzen jendeak egin zigun harrerarekin. Elgoibarkoak ginela esaten genuenean, denek primeran hartzen gintuzten, denek ezagutzen zuten Elgoibar, bai korrikalariek, bai managerrek, hoteletakoek... Mugertza krosari esker Elgoibar oso ezaguna da atletismo munduan, bai Espainian eta baina kanpoan ere. Izugarria da! Maila honetako proba bat horrelako herri txiki batentzat gauza handia da. Beste kros asko hiri handietan antolatzen dituzte, Sevillan edo Burgosen esaterako, baina gurea herri txiki bat da horien aldean, eta Munduko hamar kros onenen artean gaude. Elgoibartarrak harro egoteko moduan gaude. Zaila izango da gaur egun daukagun mailari eustea, gero eta traba handiagoak jartzen dituztelako, baina ahalegina egingo dugu.
• Elgoibarrentzat gauza handia da krosa, baina parte hartzen duten korrikalarientzat zer da Mugertza krosa?
Beraientzat ere berezia da, eta oso pozik etortzen dira. Lasterketa bukatzean ikusleek egiten dieten harrera hunkigarria izaten da. Harmailak beteta zeuden domekan, eta ikusleak pistatik oso gertu egoten dira hemen. Beste krosetan ez dute horrelakorik aurkitzen. Aurten Espainiako atletismoko presidentea etorri da krosa ikustera. Berak Lerun ezagutzen zuen han parte hartutakoa delako, eta aurten semea ikustera etorri da estreinakoz Mintxetara. Harrituta geratu zen hainbeste jende ikustean. "Hau sinestezina da. Hainbeste jende eta gainera sarrera ordaintzen!", esan zidan. Sevillan, esaterako, Italica krosa egiten den ingurunea monumento historiko askoko leku turistikoa da, eta sarrera kobratzen dute hura ikusteagatik, baina kros egunean debalde izaten da sarrera. Horregatik, jende askok egun hori aprobetxatzen du gune hartara doan sartzeko. Elgoibarren, baina, badago kroserako afizioa. Eguraldi txarra egin arren, jende asko etortzen da. Ikuskizun handia ematen dute korrikalariek, zirkuitoa bera ere exigentea delako. Euria egiten badu, gainera, lokatzez betetzen da ibilbidea, eta horrek ikusgarriagoa egiten du. Aldapak, lokatza... benetako krosa da gurea.