Beharginen kontziliaziorako baldintzen gaineko diagnostiko bat egitea izango da ekimenaren ardatza. Elgoibarko Udalak jarri du abian, Berdintasun arloaren bitartez. Azaldu dutenez, galdetegi labur bat prestatu dute informazioa jaso eta diagnosia egin ahal izateko. Beharginen arduradunek bete beharko dituzte inkesta horiek. Erantzunetatik ateratzen dituzten ondorioak erakundeei aurkeztuko dizkiete gero, guztiek parte har dezaten eztabaidagune ireki batean. Foro horretan azalduko dituzte, halaber, enpresetako jardunbide egokien adibideak, indarrean dauden dirulaguntzei buruzko informazioa eta enpresen eta erakundeen esparruan egiten ari diren ekintzak, "kontziliazio erantzukidearen bidez talentuaren atxikipena eta erakarpena hobetzeko". Elgoibarko alkate Ane Beitiak esan du jakitun direla enpresentzat zaila dela talentua duten pertsonak atxikitzea eta erakartzea. "Industria-erakundeek gero eta gehiago inbertitzen dute langileak enpresan gelditzera eta beren erakundeetan lan egin nahi duten pertsonak erakartzera bultzatzen dituzten estrategietan eta neurrietan”, azaldu du.
Udaletik jakinarazi dutenez, lan bila ari diren pertsonentzako, edo dutena baino lanpostu hobearen bila ari direnentzako, kontziliazio erantzukidea da gehien interesatzen zaien neurrietako bat. Gainera, kontziliazioa ikuspegi zabalago batetik ulertu behar dela zehaztu dute. Familiari eragiten dion kontziliazioaz harago, adingabeak edo mendeko pertsonak zaintzeari lotutakoa, eremu pertsonalari lotutako kontziliazio (atsedena, aisialdia, kirola) eta lan-esparrukoa ere (garapen profesionala, baliabide-hornidura...) aintzat hartu behar direla diote.
"Frogatu da kontziliazio erantzukideko politikak aplikatzen dituzten enpresek produktibitatea handitzea, motibazioa eta lan-giroa hobetzea lortzen dutela, bajak eta absentismoa murrizten dituztela eta, azken batean, talentua atxikitzen eta erakartzen dutela, eta, beraz, etorkizunerako inbertsioa direla", adierazi dute.
Informazio gehiago jaso edo proiektuan parte hartu nahi duten enpresentzat Udalak posta elektroniko bidez komunikazio bide bat ireki du: berdintasuna@elgoibar.eus. Izena emateko epea urtarrilaren 31n amaituko da.