Heriotzaren nahigabea arintzeko sortu zuten Mendaron Sendi Anaitasuna elkartea eta 750 bat bazkide ditu gaur. 1933koa da aurkitu duten lehenengo akta, eta elkarte bitxia da, Euskal Herrian ez baita honelako besterik ezagutzen. Funtzionamendua sinplea da. Elkarteko kide bat hiltzen denean, hiletako gastuak ordaintzen ditu elkarteak. Horretarako bazkide bat hiltzen den bakoitzeko 2,5 euroko kuota ordaindu behar izaten dute gainerako bazkideek (aurten igoera planteatzekoa dute). Elkarteko kide izateko ezinbestekoa da Mendaron bizi eta bertan erroldatuta egotea.
Urtarrilaren 29ko batzarrean azkeneko hiru urteetako kontuen balantzea aurkeztuko du Sendi Anaitasunako zuzendaritza taldekoek eta bazkideen zerrenda ere irakurriko dute. Batzarrera agertzen ez den bazkideak hamar euroko isuna ordaindu beharko du. Era berean, zuzendaritzarako erreleboa ere eskatuko dute. Aurten bi lagunek lagako dute zuzendaritza taldea eta ordezkoak behar dituzte. Izan ere, orain daudenak bi urterako sartu ziren zuzendaritzan eta bost urte bete dituzte.
11:30ean hasiko da Sendi Anaitasuna elkartekoen batzarra.