Zapatuetan ere zabalik egongo da Ludoteka 10 eta 12 urteko umeentzako

Barren.eus 2023ko urt. 19a, 14:48

Elgoibarko Udalak hitzarmena berritu du ludoteka kudeatzen duen Zehar S.L. Heziketa eta Programak elkartearekin, eta hainbat egokitzapen egin dituzte hitzarmen berrian, zerbitzua hobetzeko eta herriko haurrei beren behar eta nahietara egokitutako eskaintza emate aldera.

Elgoibarko Ludotekak Lehen Hezkuntzako 4. eta 6. mailetako eskola umeei orain artean barikuetan eskaintzen zien zerbitzua zapatuetan ere eskainiko diela da berrikuntzetako bat. Hortaz, honakoa izango da aurrerantzean Ludoteka zerbitzuaren ordutegia:

  • Martitzenetik eguenera (astelehenetan itxita egongo da): 16:30etik 19:30era, HH5-LH3ko haurrentzat
  • Barikuak eta zapatuak: 16:30etik 20:30era, LH4-LH6ko haurrentzat.

Gazteria zinegotzi Maialen Gurrutxagak adierazi du hitzarmena berritzearen helburua adin tarte eta testuinguru desberdinetako haurrekin harreman hezitzailea eraikitzea dela, bakoitzaren beharrak kontuan hartuz, eta parte hartzea landuz, "ludoteka beraientzat erreferente izan dadin”. Planteamendu berri honekin, LH4-LH6ko haurrekin harreman hezitzailean oinarritutako esku-hartzean aurrera pausuak ematen jarraitu nahi dutela gaineratu du Gurrutxagak, "haurren parte hartzearekin esku-hartze hau eremu ezberdinetara zabalduz, Ludotekaren lokaletik haratago”.