Gomendioari kasu eginez, domekan Xoxotera egin behar zuten mendi irteera bertan behera lagatzea erabaki du Morkaiko mendi taldeak. Ikastetxeekin elkarlanean antolatzen duten mendi irteera egin behar zuten domeka goizean.
Abisu horian izango gara asteburuan, tenperatura hotzagatik eta izotzagatik. "Zapatu goizaldean, goizean goiz eta azken orduetan izotz txikia egingo du barnealdean, bereziki ekialdean. Goizaldean, goizean goiz eta azken orduetan Gipuzkoako kostaldean izotz txikia egin dezake, bereziki ekialdean. Mendi inguruetan izotz txiki-handia egin dezake egun osoan", Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez. Era berean, elurragatik abisu horia ere indarrean egongo da zapatuan. Elur-kota 400-600 m inguruan egongo da, eta egunaren amaieran 200-400 m-ra jaits daiteke.
Domekarako abisu horia, berriz, muturreko tenperatura baxuak/izotzagatik izango dela iragarri du Euskalmetek, bai barnealdean eta baita Gipuzkoako kostaldean ere. Mendi inguruetan izotz txiki-handia egin dezake egun osoan.
• Jaurlaritzaren gomendioa
Giro hotz honengatik, azken egunotako elurtearen ostean, Eusko Jaurlaritzak mendira ez joatea aholkatu du, "elur-geruzaren gainean izotz-plakak sor baitaitezke azken egunotako prezipitazioaren ondoren tenperaturak bat batean asko jaitsi izanaren ondorioz".
Gogora ekarri dute elur asko egiten duenean jende eta familia ugari joaten direla mendira elurra zapaltzera, eta, egoera "arriskutsua" denez, Eusko Jaurlaritzak gomendatzen du asteburu honetan mendira ez joatea.
Halere, zehaztu dutenez, "joatea erabakiz gero, Euskalmeten iragarpenak jarraitzea eta behar bezala ekipatuta joatea" gomendatu dute. (ikus Jaurlaritzaren oharra)