Nere Arregi txapeldunorde 18 urtez azpikoen Euskadiko Kros Txapelketan

Barren.eus 2023ko urt. 23a, 17:48

Ortuella herriko 'Las balsas' izeneko zirkuituan jokatuko dira aurten Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako kros txapelketak, hirurak urtarrilean.

Urtarrilaren 8an jokatu zuten Bizkaiko Kros Txapelketa Ortuellan, eta joan den urtarrilaren 15ean Euskadikoa. 18 urtez azpikoen kategorian lehiatu zen Nere Arregi Beitia, Mintxeta Atletismo Taldea ordezkatuz, eta emaiza bikaina eskuratu zuen, txapeldunorde geldituta. Argazkian ikus daitekeen moduan, lasterketa buruan joan zen Arregi probaren hasieratik eta ipini zuen erritmo biziaren ondorioz azkarrenen taldetxoa sortu zuen. Horietatik Axpe Aja ermuarrak bakarrik egin zion aurre Mintxetakoari. Durangoko Bidezabal taldean diharduen Ajak lortu zuen garaipena 24 minutu eta lau segundoko denbora eginda. Arregi 24 segundora helmugaratu zen eta irabazlearengandik 34 segundora heldu zen helmugara hirugarren sailkatua, June Rivas (Laudio atletismoa) arabarra. 

Maila absolutuetako lasterketetan, Iraia Mendia gipuzkoarra eta Urko Herrán arabarra gailendu ziren.

Euskadiko txapelketan lortutako emaitzari esker, bere mailako Espainiako Kros Txapelketan lehiatzeko sailkatzea lortu du Nere Arregik. Aipatu moduan, hori ere Ortuellan jokatuko dute domekan, urtarrilaren 29an. Hortaz, dagoeneko ezaguna duen 1.900 metroko ibilbidean lehiatuko da bere adineko Espainiako antxitxikaririk onenen aurka. Guztira adin guztietako 900 atleta espero dituzte Ortuellan.

2023 01 20 nere arregi euskadiko kros txap podoium mintxeta at