Elgoibarko Udaletik jakinarazi dutenez, 2021eko abenduko euriteek eta Deba ibaiaren ur-goraldiak higadura eragin zuten ezpondaren oinean; eta, lur-jausi txiki baten ondorioz, ezponda zatia Deba ibairantz hondoratu zen. Lerradura gertatu den ezponda industrialdearen urbanizazioaren eta Deba ibaiaren artean dago kokatuta.
Mendi-magalaren egonkortasuna bermatuko zuen irtenbide bat aurkitu ahal izateko, eta etorkizunean gerta daitezkeen hondoratzeak saihesteko, udalak esleitu diren obren egikaritze-proiektuaren idazketa kontratatu zuen.
Berritze lanak otsailaren hasieran hasiko dituztela aurreratu dute Udaletik.
Honakoak dira ezponda berritzeko egingo dituzten lanen inguruko xehetasunak:
- Erriberako harri-lubeta eraikitzea. Ur-bazterreko harri-lubeta bat egingo dute, lau metrokoa.
- Ezponda bete eta berriz profilatu. Harri-lubeta egin ondoren, ezponda profilatu eta zati batean beteko dute, malda egonkortzeko.
- Apurtutako espaloi zatia berriro eraikiko dute, eta zegoen aparkalekua kendu.
Lan horiek egiteko aurrekontua 54.719,91 eurokoa da, BEZa kontuan izan gabe. Asfaltados y Construcciones Morga SL enpresak egingo ditu lanak eta lau asteko epea izango dute.
• Sallobente erreka, askeago
Ibaitarten egingo dituzten lanen antzerakoak egin zituzten duela aste batzuk Sallobente errekan ere. Denbora zeraman errrepide zatiak errekara erorita, eta metro batzuk beherago ezponda zati bat konpondu eta egonkortzeko egin zituzten lanekin batera libratu zuten ibaia.