Karakateko Parkea Babesteko eta Antolatzeko Plan Berezia aho batez onartu du Elgoibarko udalbatzak

Barren.eus 2023ko urt. 26a, 14:49

Karakate landa-parke gisa kalifikatzeko argi berdea ematen duen Karakateko Parkea Babesteko eta Antolatzeko Plan Berezia onartu zuten atzo, aho batez, Elgoibarko Udalaren Osoko Bilkuran.

Karakate landa-parke gisa kalifikatzeko bidea zabaltzen du plan honek, Karakate-Irukurutzeta-Agerre Buru natura-intereseko eremua, Elosua Plazentziako estazio megalitikoa tumulu eta trikuharri ugarirekin, Izarraitz -Aizkorri-Aratz eta Izarraitz-Arnoko korridoreen zati bat eta bisoi europarrarentzat natura-intereseko eremu bat integratuz.

Kripta S.L. enpresak idatzia, Karakateko Parkea Babesteko eta Antolatzeko Plan Bereziaren helburua da gune horretan dagoen ingurumen-, arkeologia- eta paisaia-ondarea babestea. “Dokumentuak eremu honetan ezarri beharreko jarduerak eta erabilerak arautzeko eta antolatzeko oinarriak ezartzen ditu, bertako balio naturalak, nekazaritza eta abeltzaintzakoak, paisaiakoak eta aisialdikoak kontserbatu eta birsortzen direla bermatzeko, eta horien erabilerak, loturak, lurzoru-erreserbak eta garapenak zehaztuz” Udal Gobernutik nabarmendu dutenez.

Plana jasotzen duen txostenak 314 orrialde eta hamar kapitulu ditu (kontzeptu orokorrak, informazio-memoria, justifikazio-memoria, araudia, antolamendu- eta kudeaketa-jarraibideak, bideragarritasun ekonomiko-finantzarioaren azterketa, herritarren parte-hartzearen txostena, hizkuntza-inpaktuaren txostena, genero-eraginaren txostena eta planoak). Gainera, dokumentuarekin batera, 268 orrialdeko bigarren liburuki bat doa, Ingurumen Ebaluazio Estrategikoa jasotzen duena.


Plana behin betiko onartu da. Tokiko Gobernu Batzarrak, uztailaren 18an egindako bilkuran, hasierako onarpena eman zion Karakateko parkea Babesteko eta Antolatzeko Plan Bereziaren dokumentuari, Eusko Jaurlaritzako ingurumen-organoak egindako ingurumen-txosten estrategikoaren ondoriozkoak baldintzatuta, zeina aldekoa izan zen. Plana jendaurrean jarri zen 2022ko uztaila eta abuztua bitartean.

2023 01 25 elgoibar udalbatzarra ahobatez karakate

 • Maialen Gurrutxaga: "Denbora errekorrean egin da plan berezi hau"
EAJko bozeramaile Maialen Gurrutxagak plana aurrera ateratzeko tramitazioa denbora errekor batean egin dela nabarmendu zuen atzoko plenoan. "Maiatzeko plenoan aztertu genuen mozioa eta sei hilabera onartzera goaz", esan zuen.
"Mozioa lantzeko Karakate Bizirik taldearekin elkartu ginenean adierazi genuen moduan, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrrak (HAPO), badauka Karakate landa parke eremu bat bezala izendatua, eta plan berezi bat egiteko aukera azaltzen da planean. Hortik tira egiteko bide bat geneukala hitz egin genuen Plataformakoekin izandako bileretan. Plan berezi honen helburua horixe izan da, eremu hori antolatu eta babestea. Tramitazioa luzea izan ez den arren, pauso asko jarraitu behar izan ditugu: mozioa onartu, plana idatziko zuen enpresa kontratatu, plana aurkeztu, batzordeetatik pasa, Jaurlaritzara bidali -aldeko txostena jaso genuen beraiengandik-, hori ere batzordean aurkeztu genuen eta azkenik, gaur plenoan onartzera goaz. Normalean luze jotzen dute era honetako prozedurek. Zorionekoak gara gaur honi buruz hitz egiteko aukera izateaz".
Eolikoen aldeko edo kontrako eztabaidan ez direla sartzen adierazi zuen Gurrutxagak, Karakateko landa eremua babestu eta balioan jartzean arreta nahi dutelako. "Bai plan orokorrak hala jasotzen duelako, eta baita 2012an hartu genuen bideari segida emateko ere. Urtero diru partida bat gordetzen da Dolmenen Ibilbiderako, eta 2017az geroztik, Soraluzeko eta Bergarako udalekin hitzarmena sinatu ondotik, diru ekarpena handitu eta sistematizatu egin genuen. Hala, 2012tik 2022ra bitartean 56.000 euro bideratu ditu Elgoibarko Udalak Dolmenen Ibilbidea sustatzera, eta beste horrenbesteko ekarpena egin dute Soraluzeko eta Bergarako Udalek, beste erakunde batzuek egin dituztenez gainera. Pozik gaude gauden puntuan egoteaz, plan orokorrak eta Karakate Bizirik taldekoekin izandako elkarrizketatik etorritako mozioari bide ematen diogulako. Aurrerantzean ere bide beretik jarratzea espero dugu, gainerako talde politikoekin eta Karakate Bizirikekoekin".

 • Aitziber Aranburu: "Modu positiboan baloratzen dugu Udalak irudi bateratu bat ematea"
EH Bilduko bozeramaile Aitziber Aranburuk ere hartu zuen hitza planaren inguruko balorazioa egiteko eta pozik egoteko egun bat zela adierazi zuen. "Iaz herri mugimendu baten bidez, kasu honetan Karakate Biziriken mozio baten bitartez, iritsi zitzaigun Karakateko plan berezi hau plenora. Garrantzitsua da alderdiak, alde guztiak, ados egotea, oso garrantzitsua delako. Modu positiboan baloratzen dugu Udalak irudi bateratu bat ematea", esan zuen. Basoez aparte beste elementu batzuk babesteko balioko duen plana izango dela azpimarratu zuen. "Kontuan izanda Udalak konpetentzia mugatuak dituela, neurri batean, gure ondare naturala eta kulturala babaesteko balioko digu. Baina, kontuan izan behar dugu baso kudeaketa esku pribatuetan geldituko dela, dudarik gabe, eta horrek etorkizunera begira, epe luzera, gune horren itxura aldaketa bat suposatu dezakeela, ez baitira eukaliptoak debekatuko eta koniferoen landaketak ere ez dira mugatuko. Beraz, horrek esan nahi du lanean jarraitu beharra daukagula, nahi badugu Muskurutzuko magal hori kalitatezko baso bihurtzea. Horregatik Karakateko plan honen alde egingo dugu, aurrerapauso garrantzitsua dela iruditzen zaigu, muga batzuk ezarri zaizkion arren".

2023 01 21 KARAKATE elurtuta panoramikoa BARREN