Zuhaitz Gurrutxaga sortu zutenetik izan da "Herri Txiki, Infernu Handi" telebista saioko aurkezlea, Mikel Pagadirekin batera. 2015. urteko urtarrilean ekin zioten bidaiari Nafarroako Goizueta herrian, eta zortzi denboraldi egin dituzte elkarrekin. 215 atal izan ditu saioak, eta guztira beste horrenbeste bisita egin dituzte Euskal Herrian barrena. Etapa eder honi amaiera eman aurretik, Amerikako Estatu Batuetara joan dira elkarrekin, bertan bizi diren euskaldunak ezagutzera.
Domeka honetan, "Herri Txiki, Amerika Handi" saioaren bosgarren atala izango da ikusgai. Abenturaren azken atalean, Bakersfielden hasiko dute ibilbidea bi aurkezleek, eta Los Angelesera, ametsen hirira, gerturatuko dira. Bisitatuko dituzten lekuen artean, Venice Beach, Beverly Hills, Hollywood Boulevard eta Arnold Schwarzenaggerrek modan jarri zuen Muscle Beach gimnasioa egongo dira, besteak beste.
Pagadi eta Zuhaitzen arteko azken agur hunkigarriaren lekuko izango gara igandean, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en. Saioa lagatzeko erabakia kameraren aurrean emango dio Gurrutxagak Pagadiri. Ondoren, hurrengo domekatik aurrera Pagadiren bidelaguna izango den pertsona aurkeztuko dute.