Goienatik jakitera eman dutenez, 120 argazki jaso dituzte 2023ko Elurretako Argazkien Lehiaketan, eta bi sari banatu dituzte, publikoaren saria eta epaimahaiarena. Azken hori jaso du Jon Garate Ondarrek lehiaketara aurkeztu zuen 'Aloña, Belar menditik' izeneko zuri-beltzeko argazkiak.
Elurra dagoenetan antolatzen du Goienak elurra gai nagusi duten argazkien lehiaketa, iaz esaterako, ez zuten deialdirik egin, fundamentuzko elurterik ez zuelako egin.
Epaimahaiak lehiaketako argazki irabazlearen kontrastea, argitasuna eta erabilitako teknika jarri ditu balorean. "Beharbada argazki sinplea dirudi, baina ondo pentsatua eta zaindutakoa da", azaldu dute. Oñatiko Soraluze jatetxean bi lagunentzako otordua izan da irabazlearentzako saria.
Goienari emandako elkarrizketan azaldu ditu Garatek argazkiaren nondik norakoak: "Arratsalde batetako azken argiak aprobetxatzea erabaki nuen argazkia ateratzeko, eta zortea izan nuen argi ederra zegoela. Txuri beltzean aurkeztu nuen, gogoko ditudalako txuri-beltzeko irudiak, minimalismo bat bilatzen dutelako, geruza bat kentzen delako eta iruditzen zaidalako indar gehiago hartzen duela argazkiak. Gainera elurrakin jolaserako aukera gehiago ematen du txuribeltzak. Freelance kontalaria eta argazkilaria da Jon Garate. (https://www.jongarate.com/)