Idazlea, poeta eta itzultzailea da Maite Lopez Las Heras. Plazaratu dituen azken lanen artean daude, besteak beste, 'Amatu' saiakera liburua, 'Poetandreak' literatura greko-latindarrean poesia lana eta 'Ibilbidea' itzulpen liburua.
Oraingoan lehen saria eskuratu du Azkoitiko Kultur Elkarteak eta udalak antolatzen duten Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketan, berak lehiaketara aurkeztutako Haize Hego ipuina aukeratu baitute lanik onena. Gehiagotan ere irabazi izan du lehiaketa hau. Bigarren saria Juan Ramon Alberdi azkoitiarrak jaso du, eta hirugarrena Gotzon Plaza bilbotarrak. Lehiaketaren helburua euskara eta literatura uztartu eta horiek biak indartzea da, sortzaileei aukera bat eskainitzearekin batera.
Otsailaren 10ean egingo dute sari banaketa ekitaldia, Azkoitiko udaletxean. Ekitaldian, gainera, 2019-2022 urteetan sarituak izan diren Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketako lanak jasotzen dituen liburua aurkeztuko dute.