Goizeko 7:00etarako joaten da aste barruan, eta ordubete inguru egiten du igeri, hiru bat kilometro, lanera joan aurretik. Asteburuetan apur bat beranduago joaten da. Burua arintzeko eta osasuntsu mantentzeko balio dio igeriketak. Igerian ari denean bere buruarekin hausnarketa egiten du; lanari buruz edo eguneroko gauzei buruz pentsatzeko aprobetxatzen du tarte hori. Itsasoa ala igerilekuaz galdetzean, ez du zalantza izpirik izan: itsasoko kresala gustatzen zaio. Udan igeri zeharkaldiak egiten ditu han eta hemen, eta dagoeneko 100 baino gehiago egin ditu.
• 22 urte egin dituzu Elgoibar Igeriketa Taldeko presidente karguan. Nola iritsi zinen klubera?
Gure bueltako umeak igeriketan zebiltzan eta esan ziguten txapelketetan parte hartzea nahiko luketela. Eskolarteko Kirolaren barruan lehiatzen ziren lehen, inguruko herrietako beste ikastetxeetako umeekin: Bergara, Oñati... Ramon Mujika Kirol Patronatuko zuzendariarekin jarri nintzen harremanetan eta esan zidan Elgoibar Igeriketa Taldearen ardura hartzeko aukera geneukala. Taldea sortuta zegoen ordurako, baina ez zeukan aktibitate handirik. Ideia ona iruditu zitzaidan eta guraso talde batek heldu genion taldeari. Nerea Juaristi, Jesus Espilla, Iñigo Barrenetxea eta nik. Norbait jarri behar zen presidente, eta neu izendatu ninduten. Kargu horretan egon naiz orain arte. Tarteka arbitro lanak ere egin behar izaten genituen, eta horretan prestatzeko ikastaroa egin behar izan genuen. Donostiara joan ginen, eta goiz batean prestatu gintuzten arbitro izateko. Elgoibarrek bat-batean bost edo sei arbitro zituen! Urte batzuetara Txema Rodriguez eta Marian senar-emazteak ere sartu ziren taldean, eta urte pila bat eman zituzten lanean.
• Zeintzuk ziren taldearen egitekoak?
Izen-emateak egiten genituen, dena eskuz, eta fax bidez bidaltzen genituen Donostiara. 22 urte hauetan lan egiteko modua asko aldatu da, eta gaur egun horretarako sortutako aplikazioei esker berehala egiten da. Horrez gain, hilabetean behin-edo seme-alabak inguruko herrietara eramaten genituen lehiatzera. Igeriketa Eguna antolatzen ere hasi ginen. Pentsatu genuen eskolak amaitu ostean polita izango zela igerilekuko ateak irekitzea Elgoibarko ume guztientzat. Proba batzuk jarri genituen nahi zuenak egiteko, eta bestela, urarekin kontaktua izateko. Ni arbitro nengoen, eta gogoratzen naiz ume bat etorri zela proba egitera. Galdetu nion ea igerian bazekien, eta berak baietz. Uretara salto egin, eta igerileku hondora joan zen, eta ez zen irteten. Arropa eta guzti salto egin behar izan nuen umea ateratzera! Bera irribarretsu irten zen uretatik, baina nik sekulako sustoa hartu nuen. Egun polit bat antolatu nahi, eta horixe bakarrik falta zitzaigun, ume bat itotzea! Dena ondo irten zen, ume guztiei dominak eta goxokiak banatu genizkien, eta ekimen horrekin aurrera jarraitzea erabaki genuen. Orain, Gabonen bueltan egiten dugu erronka solidario bat, herriko elkarteren bati laguntzeko.
• Zer dela eta erabaki duzu kargua lagatzea?
Jende berria sartu da orain taldean, oso jende ona, gogotsu daude, eta 22 urteren ondoren, oraintxe ikusi dut lagatzeko aukera. Elsa Sanchez, Maite Zabala, Iñaki Bizarro eta Josu Ansola izan ditut azkenaldian nire ondoan, eta orain beraiek hartu dute ardura. Edozertarako behar banaute, badakite hor naukatela, baina oso ondo moldatzen dira.
• Zein egoeratan dago Igeriketa Taldea gaur egun?
Ondo dago. Ikastaroetan jende asko dabil, eta hortik hartzen ditugu gero umeak Igeriketa Talderako. Orain dela hamar urte inguru, Xeber Uribe etorri zen Kirol Patronatura lanera, eta berak bultzada handia eman zion taldeari. Teknikoki oso ona da, eta bere ekarpena garrantzitsua izan zen. Umeekin oso ondo moldatzen da, eta masterren taldea ere sortu zuen. Masterren entrenatzailea da bera; bakoitzaren mailaren arabera sortu ditu taldeak. Masterren taldean igeri egitea gustuko duen edozein sartu daiteke, eta gero, norberak erabakitzen du lehiatu nahi duen edo ez. Umeen kasuan ere norberak aukeratzen du txapelketetan parte hartzea, nahi duenak bakarrik hartzen du parte. Kontua da igeriketa bakarkako kirola dela eta umeei zaila egiten zaiela aurrera jarraitzea. Aldageletan egoten dira elkarrekin, baina gero igerian bakoitza bere buruarekin bakarrik dago, eta askok hiruzpalau urteren ondoren laga egiten dute, taldeko kirolen batean hasteko. Igeriketatik asko joan izan dira futbolera edo eskubaloira, baina hiru edo lau urte egiten badituzte igeriketan, gu pozik! Urarekin harremantzea lortzen dute, igerian ikasten dute eta hori betirako geratzen da. Kirol Patronatuarekin daukagun harreman ona ere nabarmendu nahiko nuke; eskertzekoa da. Instalazioak erabiltzen uzten digute, dirulaguntza ere ematen digu Patronatuak eta guk saltzen dugun loteriari esker, diru kontuak ateratzen zaizkigu.