Espainiako Ministroen Kontseiluak gaur sinatuko du maskararen erabilera garraio publikoan bertan behera lagako duen agindua, eta bihar sartuko da indarrean, behin BOE Estatuko Aldizkari Ofizialean neurria jaso eta gero. Era berean, optika eta audiometria zentroetan eta ortopedietan nahitaez erabiltzeko eskakizuna bertan behera lagatzea ere onartuko du Ministroen Kontseiluak.
Beste batera esanda, bihartik aurrera maskara janztea honako hauetan bakarrik izango da derrigorrezkoa: erietxeetan, zentro soziosanitarioetan (anbulatorioak), farmazietan eta hortz kliniketan. Zaharren egoitzetan eta zentro soziosanitarioetan ere nahitaezkoak izango dira maskarak bertan lan egiten duten beharginentzat (betiere egoiliarrekin harremanetan badaude) eta bisitarientzat (eremu partekatuetan badaude).
Duela ia hiru urte ezarri zuten maskaren derrigortasuna garraio publikoan, 2020ko maiatzaren 4an, pandemiaren lehen olatuan. Hala ere, denbora horretan Espainiako Gobernuaren aholkularitzan aritu diren adituen ustez, egoera epidemiologikoa "oso egonkorra" da une honetan. Ez Eguberrietako oporrek ez Txinako 'Covid Zero' politikaren amaierak ez dute kutsatzeen zein ospitaleratzeen gorakadarik eragin.