Doako autobusa jarriko dute Elgoibartik Lilatoira joateko

Barren.eus 2023ko ots. 8a, 09:56

Elgoibarko Lila Emakumeen Etxeak autobusa antolatu du martxoaren 5ean Donostian egingo duten Lilatoi lasterketa herrikoira joateko. Debaldekoa izango da.

Lilatik azaldu dutenez, kirola eta erreibindikazioa uztartzen dituen Lilaton lasterketan parte hartzen duten korrikalariek lehentasuna izango dute garraioa erabiltzerakoan. Hala ere, familiartekoentzako lekua ere egongo dela aurreikusten dute. Autobusean joan nahi dutenek honako esteka honetan egin behar dute izen-ematea: https://labur.eus/pWJl8

Autobusaren itzulerako ordua zehazteke dute oraindik, eta garraio zerbitzu hau antolatzen duten estreinako aldia denez, erabiltzeko interesa dutenei galdetzea erabaki dute antolatzaileek. Hala, izena ematerakoan bi aukeren artean nahiago dutenaren alde egiteko eskatuko diete. Lasterketa bukatu ostean, eguerdian itzultzea izango da aukeretako bat. Bestea, arratsaldean, 17:00ak inguruan egitea Donostiatik Elgoibarrerako itzulera.

Urtez urte indartzen doan lasterketa da Lilatoia. Emakume batzuek martxoaren 8ko Emakumeen Egunaren harira antolatu zuten estreinakooz Lilatoia, 1990ean. Urteroko manifestazioaz gain, "beste zerbait" egin nahi zuten. Garai hartan leku itxietan bai, baina kirola kalean egitera ez zen emakume gehiegi animatzen: hori haustea zen helburua. 115 emakume inguruk parte hartu zuten orduko hartan. Iaz, 32. Lilatoian, 5.000 lagunek hartu zuten parte. Elgoibartik eta Mendarotik ere makina bat emakumek hartzen dute parte Lilatoian.