Obra txikietan sortzen diren hondakinak garbiguneen batzen dituzte, doan. Obra-lizentzia aurkeztea eskatzen dute bakarrik, jarduera hori Debabarrenan egiten dela frogatzeko, eta ez beste eskualde batean. Batzen dituzten hondakinen artean badaude garbiak -adreiluak, hormigoia, baldosak, harriak eta zeramika- zein hondakin zikinak -igeltsuak, moldurak eta panelak-. Garbiguneetara bereizita bideratu behar dira eraikuntzarekin lotutako hondakin horiek, hondakin garbiak berriro ere erabili baitaitezke. Mankomunitateak gogorarazi nahi du hondakin mota horiek naturan (pisten ondoan, ibaiaren ondoan edo mendian) edo kaleko edo landa-eremuko edukiontzietan uztea arau-hauste larria dela, Mankomunitatearen zerbitzua arautzen duten ordenantzaren arabera. Ordenantza horren helburua ingurumena babestea eta hondakinak gaika biltzeko praktika arduratsuak sustatzea dela azaldu dute. Eta ohartarazi dute hondakin horiek garbiguneetatik kanpo lagatzeak 600 eta 1.750 euro arteko isuna dutela.
Aldiz, hondakin zikinak deiturikoak, besteak beste, igeltsuak, moldurak eta panelak ez dituzte garbiguneetan jasotzen, hondakin geldoen zabortegietara bideratu baizik, berrerabili ezin direla-eta.
Bada, orain, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko kontratazioa abiarazi du Debabarreneko Mankomunitateak, 60.000 euroko lizitazio-aurrekontuarekin eta urtebeterako. Lehiaketara aurkeztu nahi duten enpresek 10 egun balioduneko epea izango dute, iragarkia kontratatzailearen profilean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.