Vibram taldean eta gogoa Mont Blanceko Ultra Trailean jarrita hasiko du denboraldia Maite Maiorak

Barren.eus 2023ko ots. 9a, 15:04

Maite Maiorak beste talde batekin hasiko du mendi lasterketen denboraldia. Lau urtean Raidlight taldearekin aritu ostean, Vibram talde italiarraren koloreekin arituko da aurrerantzean jokatzen dituen lasterketetan.

Maiorak esan du mendiarekiko duen lilura orain dela urte asko piztu zela beragan, eta oraindik gogoan dituela mendira joateko erabiltzen zituen lehen bota haiek. "Ehunka kilometro igo, konta ezin beste aldapa zein mendi igo, lasterketak lehiatu eta era guztietako esperientziak bizi eta gero, emandako pauso bakoitzak nire hastapenetako amets eta emozio guzti haien inspirazio izan ziren markara gerturatu naute, Vibram taldera. Lana eginda eta ahaleginduta, handitu egiten dira edozer lortzeko aukerak, eta pertsona arrunt bat apartekoa izatera heltzeko bidea izan daiteke; horixe da Vibramek eta nik partekatzen dugun folosofia. Espero dut nire ekarpentxoa egitea eta datozkigun erronketan taldekideei laguntzea", adierazi du. 2011n sortu zuten Vibram mendi lasterketen taldea, eta ezaguna egin da euren leloa: Ordinary people being extraordinary (pertsona arruntak apartak izaten). Maiorak, besteak beste, Javi Dominguez izango du taldekide Vibram taldean.

 • Mont Blanckeko Ultra Traila, denboraldiko helburu nagusia
Maiorak aurreratu duenez, "inongo dudarik gabe", Mont Blanckeko Ultra Traila (UTMB) izango du 2023rako helburu nagusia. Irailean jokatuko dute munduko mendi lasterketa luzeetan ospetsuena den 171 kilometroko proba. Chamonixen hasi eta bukatzen da, Mendi Zuriari itzulia ematen dion ibilbidea osatu eta gero. Maiorak hirugarren egin zuen 2019an jokatu zuten UTMBn eta bertan behera laga behar izan zuen 2021ekoan, 88. kilometroan zihoala, urdaileko minak estu hartuta. "Mont Blanckeko Ultra Trailean parte hartzea izango da berriro ere denboraldirako nire helburu nagusia, baina, horretarako dortsala eskuratu beharko dut, eta horixe dut erronka orain. Munduko mendi lasterkari askok eta askok estimu handitan duten lasterketa denez, ez da erraza dortsala lortzea. Distantzia luzeko beste probaren batean postu on bat egitea eskatzen didate antolatzaileek. Aukera guztiak karta batera jokatzea arriskutsua izan daitekeenez, bi probetan saiatuko naiz postu on hori lortzen. Apirilaren 18an Kroazian jokatuko den 100 kilometroko mendi lasterketa batean hartuko dut parte. Eta, maiatzean, Frantziako Altsazian jokatuko den ehun miliako proba batean. Eta, horietan Chamonixerako dortsalik lortuko ez banu, uztailean izango nuke azken aukera, Araneko haranean jokatuko den proban. Nire asmoa, baina, ez da uztailera arte zain egotea. Aurrez jakin nahi dut UTMBn lehiatu ahal izango naizen ala ez". Proba gogor eta entzutetsu hori irabaztea amets bat litzateke Maiorarentzat, aldizkari honio aurrez aitortua dion moduan: "Summuna litzateke UTMBa irabaztea. Nik ez dakit irabazten duenak zergatik jarraitzen duen korrika! (kar-kar). Gehiegia izango litzateke irabaztea, baina garbi dago ez dudala helburutzat, UTMBra ezin delako joan irabaziko duzulakoan. Irabazteko dena ematera, bai, baina irabaziko duzulakoan ez".

Motorrak berotze aldera, Kanariar uharteetan hasiko du denboraldia. Transgancanaria lasterketako 45 kilometroko proban lehiatuko da otsailaren 24an. Eta noski, Kilimon Trail lasterketaren data gorriz markatuta dauka egutegian. "Lasterketa luzeei begira nago, ultra distantzietako lasterketetara bideratuta egongo da nire prestaketa guztia, baina zalantzarik gabe, etxeko lasterketan ere hartuko dut parte. Postu on bat lortzeko aukera handiegirik izango ez dudala uste dudan arren, herrian da, eta egitera noa", esan du apirilaren 1ean jokatu duten Mendaroko lasterketaz.

2023 02 09 maite maior vibram taldean arg fotoiosu fotography