Gerrako umeek Sobietar Batasunean bizi izandakoak azalduko ditu Amelia Asensiok

Barren.eus 2023ko ots. 10a, 11:04

Elgoibar 1936 taldeak antolatuta, Gerrako umeak Sobietar Batasunean hitzaldia emango du otsailaren 17an, barikua, Amelia Asensio elgoibartarrak. Bere familiaren historia kontatuko du Asensiok.

Aita Jose tolosarra zen, eta 36ko gerran Sobietar Batasunera ihes egin behar izan zuen, Habana itsasontzian. Familia ezkertiarreko kide zen Jose, zazpi neba-arreben artean seigarrena. 36ko Gerra hastearekin batera, Bilbora joan ziren eta han jakin zuten Errusia, Kuba, Belgika eta Ingalaterra 14 urtetik beherako umeak hartzeko eskaini zirela. 13 urteko Jose eta 6 urteko haren arreba Francisca aukera horretaz baliatuta joan ziren Sobietar Batasunera. Hasieran dena ondo joan zitzaien, baina Alemaniak Errusia erasotu zuenean Josek armak hartu behar izan zituen. Bederatzi hilabetez jardun zen II. Mundu Gerran borrokan. Hura amaitzean, arrebaren lagun bat ezagutu zuen, Angeles Perez asturiarra, eta harekin ezkondu zen, Moskun. Harreman hartatik jaio zen Amelia bera, eta zortzi hilabete zituela lortu zuten bere gurasoek etxera itzultzeko baimena.

Inazio Bereziartua Musika eta Dantza eskolako auditoriumean izango Elgoibar 1936 taldeak antolatutako hitzaldia, 19:00etan.

2023 02 10 hitzaldia gerrako umeak elgoibar 1936