Nora Astigarraga: “Dantza garaikidea oso zabala da eta herrialde batetik bestera asko aldatzen da”

Barren.eus 2023ko ots. 10a, 11:18

Nora Astigarragak (Elgoibar, 2001) ume-umetatik du gustuko dantza. Ahizpa nagusia hasi zen dantza eskoletara joaten, eta bera oraindik adinez txikiegia bazen ere izena emateko, eskola haiek ikustera joaten zen. Ahizpari begira konturatu zen dantzatzea gustatzen zitzaiola, eta ahal bezain pronto eman zuen izena Biraka dantza eskolan.

18 urte egin arte aritu zen bertan, eta Batxilergoa bukatu zuenean, dantzaren bidetik segitzea erabaki zuen. Madrilen bizi da gaur egun, eta goi mailako dantza eskola batean ari da ikasten. Bost urteko ikasketak dira, eta momentuz hirugarren mailan dago. Ikastea da gaur gaurkoz bere helburua, badakielako dantzariarena lanbide gogorra dela, baina hala ere, etorkizuna dantzaren bidetik egin nahiko luke.

 • Nola erabaki zenuen goi mailako dantza ikasketak egitea?
Batxilergoa egiten ari nintzela ez nekien zer ikasi nahi nuen ondoren. Ez nuen Batxilergo artistikoa egin, gizarte alorrekoa egin nuen, baina argi neukan bakarra zen dantza egitea gero eta gehiago gustatzen zitzaidala. Amarekin hizketan jardun nintzen ikasketei buruz, eta pentsatu genuen dantzarekin zerikusia zeukan ikasketaren bat egitea aukera ona izan zitekeela. Madrilera begira jarri nintzen une horretan, Madrilen askoz aukera handiagoa dagoelako. Dantza eskolak daude, musika eskolak... Kultur eskaintza ere handia da, ia egunero daude ikuskizunak, denetariko eskaintza dago eta dantzarako bereziki, Espainiako aukera zabalena Madrilen dago. Hortaz, Batxilergoa bukatu eta badaezpada, unibertsitaterako hautaproba ere egin nuen, baina dantzaren bidea jorratzen hasi nintzen. Madrilgo bi eskolatan egin nituen sarbide probak, eta Danza 180 eskolan hartu ninduten, hain justu ere, nik nahi nuen eskolan. Eskola pribatua da eta formakuntza profesionala ematen dute. Ikasketak bukatzen ditudanean titulazio pribatu bat eskuratuko dut. Eskolako zuzendaria Iker Karrera da, dantzari euskalduna. Iaz Gipuzkoako Dantza Saria eman zioten, 'Fama a Bailar' telebista saioko zuzendaria ere izan da eta 'Mamma mia' musikaleko koreografoa. Beste zuzendaria Fernando Lazaro galiziarra da, hau ere oso ezagun. Dantza munduan ezagunak dira gure eskolako irakasleak.

 • Zein motako dantza ikasten ari zara?
Dantza garaikidea ikasten ari naiz. Orain dela lau urte iritsi nintzen Madrilera, 18 urte nituela. Iaz lesio bat izan nuen, eta horren ondorioz Elgoibarrera itzuli nintzen. Behatz lodiko lotailuak puskatu nituen, eta luzaroan egon naiz dantza egin ezinda. Ia urtebetez egon naiz geldi. Irailean egin zidaten ebakuntza, eta Gabonen ostean hasi naiz berriz klaseetan poliki-poliki. Bost urteko kurtsoa da, eta iaz lesionatu nintzenez, orain hirugarren maila errepikatzen ari naiz. Esan didate maila ona erakusten badut laugarren mailara pasatuko nautela, baina momentuz hirugarren mailan nago.

2023 02 10 nora astigarraga dantzaria elgoibar

 • Nolakoak dira zure ikasketak?
Oso praktikoa da dena. Egunero edukitzen dugu dantza klasikoko eskola bat eta dantza garaikidearen teknikaren bat, eta norberak aukeratu duen espezializazioaren arabera, dantza eskola pertsonalizatuak ere jasotzen ditugu. Nik dantza garaikideari buruzko klase bereziak jasotzen ditut, esaterako. Kurtso amaieran Gran Viako aretoren batean egiten dugu dantzaldia eta oso ondo egoten da. Konpainia askotako arduradunak joaten dira eta ezagutzera emateko aukera izaten dugu. Dantzaren Historia ere ikasi behar dugu; hori eskola teorikoa da, baina norberak aukeratzen du gai hori zein ikasturtetan landu. Teoria apur bat ere garrantzitsua da, dantzaren oinarrizko jakintzak ezagutzeko, baina bestela gehiena praktikoa da. Egunero lau ordutik gora egoten naiz eskolan, eta nire bizitza dantzaren bueltan antolatzen dut. Dedikazio handia eskatzen du dantzak, konstantea izan behar da. Fisikoki zaintzea eta lo ondo egitea ere garrantzitsua da, horregatik egiten ditudan plan gehienak ere egunez egiten ditut.

 • Nondik datorkizu dantzarako zaletasuna?
Nire ahizpa Biraka dantza eskolan hasi zen Josu Mujikarekin, eta ni ikustera joaten nintzen. Oraindik ez neukan eskoletan izena emateko adinik, baina ahizparen klaseak ikusteko baimena eman zidaten, eta han egoten nintzen adi-adi. Aukera izan nuenean eman nuen izena nik ere, 3 edo 4 urterekin. Nire ahizpa konturatu zen berari ez zitzaiola hura gustatzen eta berehala laga zuen, baina ni 18 urtera arte egon nintzen Birakan, eta Elgoibarren biziko banintz, gaur egun ere jarraituko nukeen, seguru. Birakan dantza klasikoa lantzen da batez ere, baina horrez gain nik Hip-hop eta beste dantza estilo batzuk ere praktikatu izan ditut. Donostian edo Hondarribin egiten diren dantza jaialdiren baten ere hartu izan dut parte, dantza garaikidea praktikatzeko.

2021eko Dantzaren Nazioarteko Egunaren harira, Makina Erremintaren Museoan egin zuen dantza Nora Astigarragak, dantza munduan dabiltzan artistei omenaldi gisa. Museoaren Instagram kontura igota duten bideoan ikus daiteke dantza.

 2023 02 10 nora astigarraga dantzaria elgoibar 3 arg