Infantil, junior eta absolutu mailetan hamasei klubetako 200dik gora igerilarik parte hartu zuten Gipuzkoako Neguko Igeriketa Txapelketan. Paula Calvo elgoibartarrak Eibar Igerixan taldea ordezkatuz egin zuen igerian eta emaitza bikainak lortu zituen. Urrezko hiru domina irabazi zituen hiru lasterketetan: 100 metro libreak, 100 metro bizkar eta 200 metro estiloak. 100 metroko tximeleta estiloko lasterketan hirugarren egin zuen. Horiez gainera, maila absolutuko 200 metroetako estiloetako lasterketan brontzezko domina irabazi zuen.
• Espainiako txapelketa, asteburuan
Eskola-adineko selekzio autonomikoen Espainiako Igeriketa Txapelketa jokatuko dute asteburu honetan Torreviejan (Alicante, Espainia). Infantil eta junior mailako 500dik gora igerilari batuko dira han, eta Paula Calvo ere han izango da, euskal selekzioa ordezkatuz.
Bere mailako banakako Espainiako Igeriketa Txapelketan parte hartzeko gutxieneko marka ere lortua du Calvok. Oviedon izango da hori, martxoan. Aurrez, baina, Euskadiko Txapelketan lehiatuko da, Getxon, otsailaren 18an eta 19an.