Gaintxipitxa gaineko bistez gozatu zuten mendizale gaztetxoek

Barren.eus 2023ko ots. 13a, 18:16

Mendirako ere egun dotorea eduki zuten atzo umeentzako eta familientzako mendi irteeran parte hartu zuten lagunek.

Eguna hotz esnatu zen arren, eguzkia indarra hartzen joan ahala epeltzera egin zuen. Hogei ume eta beste horrenbeste nagusi elkartu ziren Elgoibarko tren geltokian, eta 9:20ko trenean joan ziren Mendarora. Garagartza auzotik abiatu eta Alkorta baserrirainoko bidea hartu zuten. Azaldu dutenez, penditz handiko bidea da eta han joan zitzaizkien hasierako hotzak. "Behin goia hartuta, eguzkiak ederki epeldu gintuen. Baserri, zelai eta baso artean, lasai lasai igo ginen Gaintxipitxa gainera. Tontorrean bista zoragarriez gozatu eta indarberritu ondoren, atzera Mendarora jeitsi ginen", azaldu dute Morkaiko mendi taldetik.

Morkaikok Elgoibar Ikastolarekin eta Herri Eskolarekin batera antolatzen dituen mendi irteeretan hurrengoa Urregaraira izango da, martxoaren 19an.