Lokala handitzearena aspaldiko eskaera zela azaldu dute Zubi Ondo xake taldekoek. Danborrada antolatzen duen Atabal elkarteak xakelarienaren alboan zuen lokala hustu dute, eta horrek eman die aukera eurena handitzeko. Zubi Ondoko presidente Mikel Leonek azaldu duenez, Udalak Merkatu Plaza dagoen eraikinera lekualdatu du Atabalekoek eurenaren ondoan zuten lokalean gordetzen zuten danborradarako materiala. "Bi lokalak banatzen zituen horma bota dituzte eta gure lokalaren tamaina bikoiztu egin da orain", azaldu du. Handitze honi esker, Gipuzkoa eta Euskadi mailako xake txapelketak antolatu ahal izango dituzte aurrerantzean. "Orain arte 24 xakelari bakarrik kabitzen ziren lokalean, eta 40 edo 50 xakelari hartzeko aukera dugu orain". Txapelketak egoitzan bertan antolatu ahal izatea abantaila handia dela arrazoitu du, honela: "Azken urteetan Olaizaga kiroldegian, IMHn edota Kultur Etxean antolatu izan ditugu txapelketak, baina lan handia zen leku horietara mahaiak, aulkiak eta tableroak eramaten eta ekartzen ibiltzea. Dena bertan, eskura, izango dugu orain". Leonek eskerrak eman dizkie Udalari eta bereziki kiroletako zinegotzi izan zen Gorka Garaizabali, "kargua laga aurretik itxita laga baitzuen gure lokala handitzearena", esan du.
• Xake ikastaroak, ume eta nagusientzat
Zubi Ondo xake taldetik gogora ekarri dute xake ikastaroetan parte hartzeko aukera dutela hala nahi dutenek. Felix Manso eta Ivan Fernandezek ematen dituzte klaseak astelehenetan (18:00) eta eguaztenetan (19:00), egoitzan bertan. Eskola-umeentzako ikastaroa da astelehenetakoa eta nagusientzakoa eguaztenekoa. Interesatuek aipaturiko egun eta orduetan lokalean agertu behar dute izena emateko.