Mayi Mujikak hirugarren egin du mendiko eskiko kronoigoerako Euskal Herriko Txapelketan

Barren.eus 2023ko ots. 15a, 12:13

Euskal Herrian jokatzen den mendiko eskiko proba bakarra da Bandres Karolo Memoriala. Hiru urtean jokatu gabe egon eta gero, aurreko asteburuan itzuli zen proba Izabara, Euskal Herriko mendi-eskiko bakarkako txapelak jokoan zirela. Mayi Mujika eta Ainhoa Lendinez aurrenekoekin lehian ibili ziren.

Antxon Bandres eta Karolo Imirizalduren omenez egiten den mendiko eski lasterketa da Bandres-Karolo Memoriala. 2019tik jokatzeke zegoen, -pandemiagatik lehenengo eta iaz elur nahikorik egin ez zuelako-, eta joan den otsailaren 11n eta 12n jokatu zuten probaren zortzigarren edizioa. Azken urteetan Elgoibarko eta Mendaroko hainbat eskiatzailek parte hartu izan dute, eta emaitza oso onak eskuratuz gainera. Maite Maiora eta Iñigo Lariz behin baino gehiagotan gailendu dira.

Oraingoan, Mayi Mujika eta Ainhoa Lendinez izan ziren Elgoibartik joandakoak. Larunbatean lineako proba egin zuten eta domekan kronoigoera, Euskadiko Txapelketa Bertikala jokoan zela. Mayi Mujika A ibilbidean lehiatu zen zapatuan, 20 kilometroko eta 2.000 metroko desnibel positibokoko ibilbidean. Seigarren postuan sailkatu zen, 03:35:47ko denbora eginda. Nahia Quincoces izan zen azkarrena (02:37:43) emakumezkoetan. Lendinezek eskiatzaile herrikoiak batzen dituen B ibilbidean, 10 kilometrokoan, hartu zuen parte eta 3. postuan sailkatu zen, Ane Aspe eta Garazi Esturoren atzetik.

Domekan kronoigoera jokatu zuten, eta hemen ere Nahia Quincoces bizkaitarra izan zen azkarrena. Izabako plazatik bertatik abiatu, eta Ardibidepikua tontorrera igo ziren eskiatzaileak: 700 metroko desnibela gainditu behar izan zuten 5 kilometroko ibilbidean. Quincocesek 44 minutu eta 36 segundoan osatu zuen igoera. Igone Camposek egin zuen bigarren (45:41), eta Mayi Mujikarentzat izan zen podiumeko hirugarren postua (53:50), proban laugarren sailkatu bazen ere. Montserrat Bacardit sailkatu zen hirugarren, baina ez zen Euskal Herriko txapelketarako lehian sartzen. Ainhoa Lendinez zazpigarren postuan sailkatu zen, eta beteranoetan hirugarren azkarrena izan zen. Hortaz, Mujikak zein Lendinezek brontzezko domina eskuratu dute mendiko eskiko kronoigoerako Euskal Herriko Txapelketan, maila absolutuan lehenak eta beteranoetan bigarrenak.

Bi probetako denborak hartuta, Mayi Mujika seigarren sailkatu zen A mailan eta lehen postua eskuratu zuen Ainhoa Lendinezek A ibilbidean lehiatu zirenen artean. (sailkapen guztiak)

Probako argazkiak eta bideoak

2023 02 12 karolo bandres izaba eski ainhoa lendinez gorantz

2023 02 12 karolo bandres izaba eski ainhoa lendinez gorantz 2

2023 02 12 karolo bandres izaba eski ainhoa lendinez podium