Kirgizistan Asia erdialdean dago, eta mugakide ditu Kazakhstan iparraldean, Uzbekistan hego-mendebaldean, Tajikistan hegoaldean eta Txina hego-ekialdean. 199.951 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 6,6 milioi biztanle zituen 2021ean. Hiriburua Biskek da, eta han bizi da Veñera Urbaeva (Biskek, 1983). Unibertsitateko irakaslea da, eta umeen eskubideetan espezializatua dago. Herrialde haietan ere umeen eskubideak sarri urratzen dira, eta haien alde egiten du lan Veñerak. Hizkuntzak ere gustuko ditu. Kirgizera da herrialdeko hizkuntza, baina errusiera ere hitz egiten dute, Kirgizistan Sobietar Batasuneko parte izan zelako. Horrez gain, gaztelania ere ikasi du bere kabuz. Irakasle kubatarra izan du, eta hiru urtez egon da eskolak jasotzen. Bere ametsa Espainiara bidaiatzea zen, eta lortu du.
Urrian hasi zen bere abentura. Norbere burua zaintzeari buruzko konferentzia bat antolatu zuten Biskeken, eta Veñera ikasle joan zen jardunaldi haietara. Dolu unea gainditzen ari zen Veñera, bera atzerrian ikasten ari zela ama auto istripuz hil zitzaiolako, eta jardunaldi haietan jarria zuen esperantza, kolpe hura gainditzeko. Hizlarietako bat Bianca Maritxu Neff Uribe zen, estatubatuarra, baina bere aurkezpenean Espainian bizi zela azaldu zuen, Malagan, hain zuzen ere. Ez zuen aukera hura pasatzen utzi Veñerak, eta hitzaldia bukatu ostean hizlariarengana gerturatu zen, gaztelaniaz berbetan. Bianca Maritxu harrituta geratu zen Kirgizistaneko emakume bat gaztelaniaz berbetan entzutean. Konturatu zen neska hark benetako pasioa zuela gaztelaniarekiko eta bere ametsa betetzen lagunduko ziola esan zion. Bianca 2001. urte inguruan Kirgizistanen bizitzen egon zen, pare bat urtez. Ikasketak amaitzen han jardun zen lanean, eta bazeukan hango jendearekiko begirune berezi bat. "Konexio moduko bat izan genuen ezagutu ginen une berean, oso lagunak egin gara". Une hartan bertan hasi zen Veñera Espainiara bidaiatzeko behar zuen dokumentazioa prestatzen.
FAMILIA BIDAIARIA
Bianca Maritxu Neff Uribe Malagan bizi da 2003. urtetik. Aita estatubatuarra dauka eta ama euskalduna, Mariasun Uribe Beristain (Arrasate, 1950). Mariasun Uriberen ama Elgoibarkoa zen, Maritxu Beristain, baina Mariasunek 4 urte zituela alde egin zuten Asturiasera lehenik, eta Galiziara ondoren. Mariasunek han ezagutu zuen Jon Neff estatubatuarra. Amerikako itsas armadarako egiten zuen lan Mariasunek, eta Jon AEBetako kostazainen itsas armadako komandantea zen. Mariasunek betidanik izan du hizkuntzak ikasteko zaletasuna, eta 15 urte zituela Ingalaterrara joan zen ingelesa ikastera. Harremana sendotu eta ezkontzea erabaki zutenean, ez zuten dudarik eduki: Elgoibarren ezkonduko ziren.
Mariasunen senideak Euskal Herrian zeuden, Elgoibarren amaren aldekoak eta aitaren partekoak Eskoriatza-Arrasate inguruan. Beraz, senide guztiak Galiziara eraman beharrean, beraiek hemen ezkontzea erabaki zuten. Maalako elizan ezkondu ziren 1972an, Arantzazun bazkaldu zuten, eta ondoren Estatu Batuetara joan ziren bizitzera. 31 urte egin dituzte han, eta hiru seme-alaba dauzkate: Nerea, Erik, eta Bianca Maritxu. 50. urteurreneko urrezko ezteiak ere modu berean ospatu zituzten: Elgoibarren meza eta ondoren Arantzazuko Goiko Bentan bazkaldu zuten guztiek.
Hainbeste urtez Elgoibartik kanpo bizi izan arren, maitasun berezia diote herriari, hauxe dute familiaren bilgune. "Gure txokoa" izenez bataiatu dute familiarena izandako etxebizitza, eta hantxe biltzen dira izebarekin eta lehengusuekin. 100 urte baino gehiago ditu beraien familiakoa izan zen etxeak. San Frantzisko kaleko 51. zenbakian dute, bigarren solairuan. Bere aiton-amonak bizi ziren han, eta bere ama etxe hartan jaio zen. Mariasunek gogoan ditu umetan bisitan etortzen zeneko oroitzapenak. Izeba Garbiñe Beristain izan zen etxe horretan bizitzen azken senidea. Etxea ez zen inoiz familiarena izan, errentan zeukaten, eta jabeek etxea saltzea erabaki zutenean sekulako pena hartu zuten. Bizitzak, baina, etxe hura berreskuratzeko aukera eman die. Orain dela hiruzpalau urte etxea salgai zegoela jakin zuten lehengusina baten bitartez, eta Mariasunek eta senarrak erosi zuten. "Orain, Elgoibarrera etortzen garenean Gure Txokoan hartzen dugu ostatu". Familiaren historia biltzen du etxe horrek: Mariasunen aiton-amonek 11 seme-alaba izan zituzten. 36ko Gerra hasi zenean etxe hartatik irten behar izan zuten guztiek. Aitona hiru urtez egon zen preso, eta amona ume guztiekin ihesi joan zen. Egoera baretu eta itzultzea segurua zenean, etxe berera etorri ziren berriro.
ERREPORTAJEA osorik BARREN astekariaren 1275. zenbakian -PDF-