Amelia Asensio: “Aita kritikatu zuten asko izan ziren gero aberriratzeko izena ematen lehenengoak”

Barren.eus 2023ko ots. 17a, 13:01

Elgoibar1936 taldeak antolatuta, 'Gerrako haurrak Sobietar Batasunean' izenburuko hitzaldia emango du gaur Amelia Asensiok musika eskolako auditoriumean, 19:00etatik aurrera. Aita, Jose Asensio Orueta, Tolosakoa zuen Ameliak, eta ama, Angeles Perez, Asturiaskoa, eta Sobietar Batasunera erbesteratu zituzten biak 1937an.

Milaka ume bidali zituen atzerrira Jaurlaritzak garai hartan, baina Sobietar Batasunera iritsi ziren haurrek beste herrialde batzuetara iritsi zirenek baino esperientzia latzagoa izan zutela esan ohi da, Bigarren Mundu Gerrak bete-betean harrapatu zituelako eta haien erbesteratzea hogei urtez luzatu zelako. 1956an, Iosif Stalin hil ondoren eta Nikita Khrustxev agintari zela, hasi ziren Euskal Herrira itzultzen, Nazioarteko Gurutze Gorriaren artekaritzari esker. Jose Asensiok egindako eskaerak zabaldu zuen bidea, Rafael Moreno Izquierdo historialariak 'Los niños de Rusia' liburuan jasota daukanaren arabera.

 • Zuen aitak sustatu zuen Sobietar Batasunari gerrako haurrak aberriratzeko konpromisoa eskatzen zion lehen ekimena. Nor izan zen zuen aita?
Tolosako familia ezkertiar batean jaio zen gizona zen gure aita, zazpi senidetan seigarrena eta 36ko altxamendu frankistaren biktima zuzena. Altxamendua izan zenean, gure aitaren anaia zaharrenek mendira jo zuten Euskadiren alde borrokatzera, eta gure aitak, ama eta Francisca arreba gazteenarekin batera, Portugaletarako bidea hartu zuen, ihesi, beste zientoka lagunen antzera [Joseren aita gerra hasi aurretik hila zen]. Francoren tropak mendebalderantz egin ahala, baina, Bizkaia ere mehatxupean jarri zuten frankistek eta umeak ebakuatzeari ekin zion Jaurlaritzak. Seme zaharrenek ohartarazi zioten gure amamari arriskuaz eta bi seme-alaba gazteenak kanpora bidaltzeko eskatu zioten.

 • 12 urte zituen aitak. Zer zioen erbestera irten ziren egunaz eta moduaz?
Esaten zuen Portugalete ingurura arrimatuak izango zirela frankistak ordurako, erbesteratzeko izena eman zutenetik oso azkar gertatu zelako dena eta bonba-hotsak entzuten zirelako. Kontatzen zuen kamioietan eta autobusetan iristen zirela familia asko Santurtziko portura, lur jota, eta agurtzeko astirik ere ez zutela izan askok. Arreba sekula bakarrik ez lagatzeko esan zion aitari gure amama zenak. Itsasoratzeko txartelean 12 urte zituela jarri arren, aitak 13 urte zituen amak Habana ontzira eraman zituenean, eta 6 izebak. 14 urtez azpikoak onartzen zituzten, eta badaezpada, urtebete gazteagoa zela esateko agindu zion amak. Hala bizi izan zen erbestean, beti urtebete gutxiagorekin. Kontatzen zuen Santurtziko portuan ama guzti haiek negarrez ikustean ontzitik jaisten ere ahalegindu zela baina miliziano batek ez ziola laga. 1937ko ekainaren 13a zen [4.500 haur inguru irten ziren]. Pauillacera eraman zituen ontziak, eta han, banatu egin zituzten: Erresuma Batura, Belgikara... Pauillacera eraman zituzten haietako batzuk, tartean gureak, Sontay ontzi frantsera pasatu zituzten, Leningradora eramateko. Kontatzen zigun tripulazio osoa asiarra zela. Ekainaren 22an iritsi ziren Leningradora eta izugarrizko harrera egin zieten han. Ez zeukan ahazteko aitak. Babesa eman zieten, osasun azterketak egin zizkieten eta hezkuntza eta kultura jaso zuten, hangoaz gain hemengoa ere bai, hemendik joandako irakasleak ere bazirelako talde hartan. Leningradora iritsi ziren haurrak Odesa, Mosku eta Krimeara banatu zituzten, aterpetxe gisa egokitu zituzten lekuetara, baina zorionez aita ez zuten arrebarengandik banandu. Ondo hartu zituztela zioen, baina Tolosara itzultzearekin amets egiten zuela gauero.

 • Frankistek Bilbo hartu eta hiru egunera iritsi ziren Leningradora. Zuen amamak zer bide hartu zuen Santurtzin?
Seme-alaba gazteenak Habanara igo ziren egun berean irten zen autobusez Kataluniara, Mercedes alabarekin (zazpi senideetan bosgarrena), eta handik Frantziara alde egin zuten. Gerra irabaziko zutela sinetsita bidali zituen Euskal Herritik amak, luze gabe ikusiko zituelakoan, baina ez zituen gehiago ikusi, erbestetik itzuli ginenerako hila zelako [1949an hil zen Maria Orueta eta 1956an itzuli ziren Jose eta familia].

 • Gerra bat galdu eta beste batek bete-betean harrapatu! 1939ko irailaren 1ean hasi zen ofizialki II. Mundu Gerra, Alemaniak Polonia inbaditu zuenean, eta bi urte geroago, Errusiaren kontra egin zuen Alemaniak, Poloniaren kontra aliatu izan zuenaren aurka.
Holokausto bat izan zen hura. Abisatu gabeko erasoa izan zen, bi herrialdeek hitzarmen bat sinatua zutelako elkarri ez erasotzeko. Lo harrapatu zituen Alemaniaren erasoak. Aitak kontatzen zuen Moskuko Dinamoren futbol zelaian zegoela bera, albistea eman zutenean. Lehenengo urtebetean nahi zuten moduan egin zuten aurrera Alemaniaren tropek. Aitak esaten zigun ez zekiela zer sartu zien soldadu haiei Hitlerrek, ez zietelako inori ezer barkatzen. Herri osoak erre zituzten, eta milaka kulpa bako herritar bortxatu, torturatu eta hil. Animaliek baino basatiago jokatu zutela entzun diegu beti gurasoei. Erbesteratuak izan ziren umeetan nagusitxoenak, tartean gure aita, irtenda zeuden ordurako gerrako umeentzako egokitu zituzten aterpetxeetatik, eta goian zerua baino ez zutela gelditu ziren. Txikiagoak, tartean izeba, batetik bestera erabili zituzten.

 • Adinez nagusi egin berri banatu zen arrebarengandik zuen aita. Nora jo zuen?
Gerrako umea zela zioen agiri bat eman zioten, eta trenez ibili zen batetik bestera ihesi, nora jo ez zekiela. 'Ez dakit zerk lotzen ninduen bizitzari ere, baina beti izan nuen halako itxaropen-printz bat' esaten zigun orduko kalbarioa oroitzean. Moskun, balak egiten zituzten lantegi batean hasi zen lanean. Emakumezkoak ziren langile gehienak, gizonak gerrara deitu zituztelako. Gosete handia zegoen eta kontatzen zigun gosearen gosez belaunek ere huts egin ziotela behin eta eskapada latza egin zuela, lanerako gai ez zena berehala desagertarazten zutelako. Emakume errusiar batek emandako patata batek salbatu zuen. Lantegian bertan zeuden barrakoietan egiten zuten lo, eta goizero jasotzen omen zuten hilotzen bat. Alemaniarrak ate joka zituztela alde egin zuen mendebalderantz, Uraletarantz. Eta aterpetxean irakasle izan zuen gizon batek proposatu zion Armadarako izena ematea. Gure aita ez ei zen 40 kilo eta egunean 400 bat gramo ogi izango zuela entzun zuenean, ez zuen zalantzarik egin. Bizi nahi hura ere harrigarri egiten zitzaion gerora. Urtebete inguru ibili zen Sobietar Batasunaren alde borrokan eta hemendik joandako hamar batekin topo egin ei zuen. Sekulako poza izan ei zen hori, nahiz senperrenak pasatu zituzten. Bik iraun zuten birizik, baina gure aitak berak ere gertu izan zuen azkena, trikinosi gaitzak ia eraman zuelako.
27.000 errusiar inguru hil ziren II. Mundu Gerran eta aitak sekula ez zien barkatu alemaniarrei egin zutena. Beti esan izan zigun Errusiako herriari zor geniola nazismoa hona zabaldu ez izana, Francok laguntzat bazituen ere, haiek kupidarik gabe etorriko zirelako honaino ere. Hori bai, errusiako agintariak ere ez zituen gustuko. Haiek ere ohe beroan lo egiten zutela esaten zigun eta Stalin Hitler bera bezain krudela zela.

 

2023 02 17 amelia asensio errep angeles perez eta jose asensio senaremazteak

2023 02 17 francisca asensio angeles perez ameliagaz ontziratzen BARREN

2023 02 17 jose asensio itsasontzian errep BARREN