Herrian euskarazko aldizkari bat egon zedin sortu zuen Txitxilibakio Elgoibarko Izarrako lantalde batek. Txitxilibakio gizon behartsu bat zen, Elgoibarren noizean behin etortzen zena. Itxura bitxia zuen gizonak eta "Txitxilibakio etorriko da!" esanez beldurtzen zituzten orduko gurasoek beraien seme-alabak. Horixe da aldizkariari jarri zioten izenaren jatorria.
Elkartearen bueltan zebiltzan hiru-lau lagunen artean egiten zuten aldizkari osoa. Dena eskuz egiten zuten, eta orri guztiak ondo "montatuta" eraman behar izaten zituzten fotolitoak atera eta aldizkaria egiteko. Izan ere, sasoi hartan ez zegoen gaur egun dagoen mediorik aldizkari bat egiteko.
Jendeari euskaraz irakurtzeko aukera ematea zen Elgoibarko Izarraren helburua. 32 orri zituen aldizkariak, eta erreportajeak, artikuluak, komikiak, ellkarrizketak eta antzerakoak ikus eta irakur zitezkeen bertan. Txitxilibakio ahal zenean ateratzen zuten, noizbehinkaria zela esan dezakegu. Eta BARREN ez bezela, ordaindu egin behar zen, 100 pezeta.
Tabernetan, okindegietan eta ikastetxeetan egoten zen erosgai. Txitxilibakiok, baina, ez zuen asko iraun. Lan handia zen kondizio haietan egiteko, eta 1991ko uztailean argitaratu zuten azken alea. Txitxilibakio desagertu eta hamazazpi hilabetetra joko zuen BARRENek gure etxeetako aldaba, 1992ko abenduaren 24an.
Txitxilibakio egiteaz arduratu zen lantalde hartako kideak izan ziren Itziar Agirregomezkorta eta Sebas Larrañaga, eta aldizkariaren nondik-norakoak gogora ekarri dituzte hizkerak eta ahozko ondarea jasotzen diharduen Ahotsak egitasmorako. Horrez gain, motibazioa sustatzeko sortu zituzten ekintzak ere badituzte mintzagai. Esaterako, euskarazko binetak banatzen zituzten etxez etxe. Geroago, Elgoibarko Izarraren bigarren fasean, gaztelaniaz ematen ziren ikastaroak euskaraz eskaintzea izan zuten helburu.
Ikus bideoan, Itziar Agirregomezkortaren eta Sebas Larrañagaren berbetan:
- Sarrera gehiago, ahotsak.eus barren.eus atarian: hemen eta hemen
- Elgoibarko ahozko ondarea
- Mendaroko ahozko ondarea
Hona Txitxilibaio aldizkariaren lehen sei aleetako azalak eta lehen ale horietako edukiaren lagin bat.