Sasikopotzu ospatu dute Mendaron LH6ko ikasleek

Barren.eus 2023ko ots. 20a, 13:18

Sasikopotzu edo Txitxiburduntzi ohitura zaharra ospatu zuten atzo Mendaron LH6ko ikasleek, adin-tarte horretako guraso talde baten ekimenez.

Euskal Herriko ohitura zaharra da Sasikopotzu edo Txitxiburduntzi. Hainbat tokitan garizuma aurretik ospatzen zen, inauteriak aurreko domekan. Egun horretan jendea mendira joaten zen, sua prestatu, makilatxo batez burruntzia egin, eta gero txitxia, txorizoa, txistorra zein beste txerrikiak sutan erretzen zituzten. Gaur egun, nahiz eta txerririk hil ez etxeetan, gure inguruko hainbat herritan bizirik dago tradizio hau, izen ezberdinekin bada ere: Sasiko potzu, Sasi koipetsu, Kanporamartxo, Sasimartxo, Basokoipetsu, Kanpamartxo, Txitxiburruntzi, Basaratuste, Sarteneko edo Txitxiburduntzi.

Ohitura zaharren transmisioa eten ez dadin, leku askotan erdi galduan den usadioa berreskuratzea erabaki zuen iaz Arno Guraso Elkarteak, eta LH6ko ikasleekin ospatu zuten. Aurten errepikatu dute jaia, baina aurtengoan, adin-tarte horretako zenbait gurasoren ekimenez. 11:00etan abiatu ziren gaztetxoak eta zenbait guraso oinez mendirantz, trenbide kaletik. Santa Ana aldera hartu zuten eta Olabazatik gora igo ziren Santa Kurutzera. Olabazan, Isidro Astorkiak, euren gazte-denborako kontuak aletu zizkien umeei. Garaiak aldatu dira, eta gaurko konturik ez zen orduan, baina lagunartean une alai bat pasatzeko aitzakia paregabea izaten zutela kontatu zien Astorkiak.

Haurrak eta guraso taldetxo bat Santa Kurutzera iritsi zirenerako sua egina zuten beste zenbait gurasok, eta prest zituzten jan-edanak. Oilasko-paparra, txistorra eta hirugiharra jatekoetan, eta ura eta sagar-zukua edatekoetan. Mokadutxoa egin eta jolasean ibili ziren gero eskola-umeak.

Ikus ARGAZKI-BILDUMAN: Sasikopotzu

Ikus bideoan:

2023 02 20 sasikopotzu Mendaro LH6ko ikasleek Isidro Astorkia BARREN

2023 02 20 sasikopotzu Mendaro LH6ko ikasleak gurutzean BARREN

2023 02 20 sasikopotzu Mendaro LH6ko ikasleak parrila BARREN

2023 02 20 sasikopotzu Mendaro LH6ko ikasleak jaten BARREN