Gaur gaurkoz Kalamua kaleak ez dauka loturarik Urazandi kalearekin ipar-mendebaldeko muturrean; irteerarik gabeko kalea da. Bi kale horiek batzearen helburu nagusia da auzoko trafikoa arintzea eta antolaketa-aukera berriak ahalbidetzea. Noranzko bakarreko eta beheranzko noranzkoko galtzada duen diseinua egitea erabaki dute. Alboetan bi metroko zabalerako espaloiak izango ditu, eta % 6ko gehieneko malda. Proiektuan, bestalde, euri-uren sarea handitzea ere aurreikusi dute, eta baita bide berria argiztatzeko behar den argiteria-sarea ere.
Bide berriak, bi kaleen arteko lotura bermatzeaz eta trafikoa antolatzeko alternatibak ahalbidetzeaz harago, auzoko espaloi guztiak berritzeko aukera ere ematen duela azaldu dute Udaletik, espaloi horiek zabalduz eta zoladura berrituz, aparkalekuak eta zirkulazioa arriskuan jarri gabe. Ane Beitia alkateak azpimarratu du bide berriak aukera gehiago emango dituela auzoko kaleetako trafikoa antolatzeko eta oinezkoentzako mugikortasuna hobetzeko. "Era berean, inguruko urbanizazioa berrituko dugu, atseginagoa eta irisgarriagoa izan dadin. Urazandiko bizilagunen irisgarritasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko apustu garbia da”, esan du.
Obrak iraun bitartean, Kalamua kalea itxita egongo Herri Eskolatik kale amaierara arte, eta soilik bertako garajeetako autoak sartu ahal izango dira.
Injelan, S.L. ingeniaritza-enpresak idatzi du lotune berria egiteko lanen proiektua, eta Egurki Eraikuntzak enpresak gauzatuko ditu 213.196,89 euroko (BEZ gabe) aurrekontua duten lanak. Ekainerako lanak amaituta eta bidea zabalik egongo dela esan dute udal arduradunek.
∞Lotura duten albisteak: