Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak lau ikastaro eskainiko ditu martxotik aurrera: Batetik, Olaizaga kiroldegian emango dituzten haurdunaldiko gimnasia, Krosfit eta TRX ikastaroak; eta, bestetik, Mintxetan egingo duten emakumeentzako korrika saioak, 'Emakumeak Korrika' izenarekin.
Emakumeak Korrika ekimenean, besteak beste, korrika egiteko teknikak eta errendimendua hobetzeko ariketak landuko dituzte. Parte hartzaileen egoera fisikoa eta arnas, bihotz eta nerbio sistema hobetzea dira helburuak, eta baita gantzen metabolismoan eragitea ere. Horiez gain, gorputzeko gihardura osoa eta giharren tonifikazioa indartzeko ariketak irakatsi eta praktikan jarriko dituzte. Martitzen eta eguenetan izango dira saioak, 18:00etatik 19:00etara, Mintxeta kirolgunean.
Lau ikastaro horiekin orain arte Olaizagan zein Mintxetan eskaintzen dituzten hamabost ikastaroen eskaintza zabaldu eta osatuko du Udal Kirol Patronatuak. Lau ikastaro hauetakoren batean parte hartzeko interesa duten lagunek, aurrez probatzeko aukera izango dute otsailaren 23rako prestatu dituzten saioetan. Horretarako izena eman beharko dute Olaizaga Kiroldegian edo 943 744 415 telefono zenbakira deituta.