Entzute aktibo kanpaina honen bidez, herritarren ekarpen eta sentipenak jaso nahi dituzte aurrera begirako bidean kontuan izan eta etorkizuneko Elgoibar eraikiko duten proiektuak lantzeko. Maialen Gurrutxaga Uranga EAJko alkategaiak adierazi du aurrean duena konpromiso garrantzitsua dela berarentzat eta ilusioz eta gogotsu helduko diola. Esan duenez, gertutasuna eta elkarlana izango dira bere kudeaketaren ezaugarri garrantzitsuenak. “Legebiltzarkide eta zinegotzi lana etengabeko ikasketa prozesu bat izan da: herria eta herritarrak hurbil sentitu, ezagutu eta elkar ulertzeko aukera onena”, adierazi du.
Elgoibarko EAJk kanal desberdinak ireki ditu herritarren iritzia jasotzeko (ikus beheko kartelean eurekin harremanetan jartzeko moduak). Iritziak jasotzeaz gainera, Batzokia herritarrentzako zabalduko dute martitzen eta eguenetan, honako ordu tarteetan: 10:30-12:30 eta 17:30-19:30.