Bertso saioarekin hasiko dituzte Mendaron Motxaila Eguneko ospakizunak

Barren.eus 2023ko ots. 27a, 10:48

Bertso saioari 'Zerua, motxailen aterpe' izena eman diote antolatzaileek, Motxaila Elkarteak, eta lau bertsolari gonbidatu dituzte, Euskal Herriko bertsolari txapelketa nagusiko finalistak laurak: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Alaia Martin eta Joanes Illarregi. Ainhoa Urbieta mendaroarrak egingo ditu aurten gai-jartzaile lanak. Bertso saioa Udalak babestu du diruz eta sarrerak salgai daude dagoeneko, Morroskillo dendan eta Aitzbeltz tabernan, 7 euroan. Martxoaren 17an, barikua, izango da bertso saio hori, 22:00etan. 

Biharamunean, hilaren 18an, ospatuko dute Motxaila Eguna bera. Goizean, eta ohitura bihurtu den eran, Aitzbeltz kobazulora igoko dira oinez, Gaztetxetik abiatuta. Kobazuloan ekintza ezberdinak egingo dituzte. Handik jaitsitakoan, Gaztetxean bazkalduko dute eta luzatuko da eguna. Egitarau osoa guztiz lotu gabe dute oraindik antolatzaileek, baina aurreratu dute aurreko urteetako formatu bera izango duela egunak. Arratsaldean, poteoa, eta gauean, kontzertuak, Gaztetxean.