Guerreras taldeko hautatzaile Jose Ignacio Pradesek hamasei jokalari deitu zituen Portugalgo txapelketa jokatzeko, baina Lara Gonzalezek ezin izango du Espainiako taldearekin jokatu, lesio bat medio. Gonzalezen lekua betetzeko sartu dute deialdian June Loidi, Super Amara Bera Bera taldeko hegalekoa. Loidik 2022ko Mediterraneoko Jokoetan jokatu zuen azkenengoz Espainiako selekzio absolutuarekin (urrea irabazi zuten). Guztira hamar partida jokatu ditu selekzioarekin eta bost gol sartu ditu horietan. Loidik Bera Berako hiru taldekide izango ditu lagun selekzioan: Maitane Etxeberria, Esther Arrojeria eta Paula Arcos.
Portugalen jokatuko duten txapelketan, Cavo Verde izango dute aurkari lehen partidan, barikuan, Italiaren aurka jokatuko dute zapatuan eta Portugalen aurka domekan. Lagunarteko partidak izango diren arren, garrantzi berezia dute, 2023ko Munduko txapelketara sailkatzeko kanporaketarako azken prestaketa izango baita Espainiarentzat. Kanporaketa hori Austriaren aurka jokatuko dute: Viena hegoaldean dagoen Maria Enzersdorfen joanekoa, apirilaren 8an; eta, Antequeran (Malaga, Espainia) itzulerakoa, apirilaren 12an.