Motor-zaleen greba dela-eta Mendaroko Txirrindulari Elkarteak bertan behera laga du kadeteen lasterketa

Barren.eus 2023ko mar. 1a, 16:03

Txirrindularitza lasterketetan bidegurutzeak zaintzen dituzten eta lotura lanak egiten dituzten motor-zale gabe ez dago ikuskizunik. Lan horietan ibiltzen direnek planto egin dute, eta euren laguntza gabe Ertzaintzak ez du lasterketarik egiteko baimenik ematen.

Ondorioz, Gipuzkoako txirrindulari elkarte batzuk hasi dira lasterketak bertan behera lagatzen, tartean Mendaroko Txirrindulari Elkartea. Hala, bertan behera laga dute martxoaren 11rako antolatuta zuten kadeteen lasterketa. Era berean, zapatuan ez dute Beasainen kadete mailako Usurbeko proba egingo, ezta domekan junior mailako Eibarko Udaberri saria ere. Eta, konponbiderik aurkitu ezean egutegi osoa dago kolokan.

 • Mendaroko Txirrindulari Elkartearen oharra
Mendaroko Txirrindulari Elkartetik jakinarazi dute bertan behera lagako dutela martxoaren 11rako antolatua zuten kadete mailako lasterketa. Alabaina, lasterketa beste egun batean jokatzea gustatuko litzaiekeela gaineratu dute zabaldu duten oharrean. "Honekin batera, gure babesa erakutsi nahi diegu horrenbeste urtean lasterketetan laguntzen ibili zaizkigun motor-zaleei, eta, hein berean, 2022ko urrian jarritako lan-baldintzak betetzeko eskatzen dugu. Motor-zaleen eskaerekin bat baldin bagatoz, denboraldia ez hasteko eta lasterketak jokatu ala ez erabakitzea antolatzaileen gain ez uzteko eskatzen diogu Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioari", adierazi dute elkartetik.

 • Eibarko Txirrindulari Elkartea: "Funtsezkoa da oinarritik hastea, teilatutik hasi beharrean"
Eibarko Txirrindulari Elkarteak ere bertan behera utzi behar izan du domeka honetarako antolatuta zuten Udaberri Saria proba entzutetsuaren 45. ekitaldia. Moto-loturetan aritzen diren lagunek hasitako protesta "bidezkoa" dela adierazi dute zabaldu duten oharrean, eta honako eskaera egin diete antolatzaileei: "Agintariei eskatzen diegu esku har dezatela auzi honetan, aspaldidanik gertatzen ari den arazo hau behingoz konpontzeko. Izan ere, klub askok irtenbide inprobisatuak jarri behar izan dituzte moto-lotura horien segurtasuna bermatzeko". Eta, ondorengo hausnarketa ere partekatu dute: "Zalego onena, txirrindulari onenak eta Tourra bera ere izan nahi baditugu, funtsezkoa da oinarritik hastea, teilatutik hasi beharrean".

 • Gipuzkoako Txirrindulari Federazioak ere zabaldu du oharra:
"Gipuzkoako Txirrindulari Federazioak antolatutako lasterketetan laguntzaile lanak egiten dituzten motolotura kideekin batera, honakoa adierazi nahi dugu Gipuzkoan egiten diren txirrindulari lasterketetan jasan ditugun segurtasun arazoen aurrean:

  1. Gipuzkoako Ertzaintzaren Trafiko Sailak kide gutxi ditu Gipuzkoako txirrindularitza lasterketei aurre egiteko.
  2. Ertzain nahikorik ez dagoenez, derrigor behar ditugu moto loturako kideak lasterketak segurtasunez antolatu eta jokatu ahal izateko. Ezinbestekoak dira lasterketetako segurtasuna osatzeko. 
  3. Moto lotura kide horiek izugarrizko lana egin izan dute, erabat borondatezkoa, txirrindulari probetan. Alabaina, arazo batzuk jasan izan dituzte, eta horiei irtenbidea topatu nahian eskaera batzuk egin ere bai. Eskaera horiek honela laburbildu daitezke: aseguratuta egotea nahi dute, beraiek eta motoak. Egiten duten lanerako erreminta diren motorrek izan ditzaketen matxurak ere aseguratuta izatea eskatzen dute, eta baita euren arropa ere, segurtasunerako erreminta bat gehiago baita kasu honetan motor-zale jantzia. Jakin arazi nahi dugu moto lotura ez dagoela lan jarduera moduan onartuta, ez inongo kirol arauditan, ez eta Euskal Kirol Legean ere, eta ezinbestekotzat jotzen dugu puntu hori. Aipatutako guztiagatik, ez dugu gure eskaerak bete arte etsiko, horregatik egon daitezkeen aukera guztiak aztertzen ari gara gure behar hori estaltzeko. Gutxieneko segurtasun baldintza horiek bermatzeko ezintasun hori ikusita, moto lotura taldeek egoera konpondu arteko geldialdi bat egitea erabaki dute. GTXFk osatzen dugunontzat  sentsuzko eskaerak dira, eta betearaztea lortzerik izan ez dugunez, Erakunde Publikoei laguntza eskatu diegu arazo honi irtenbide bat emate aldera. Bitartean, Gipuzkoako Errepideko lasterketak bertan behera geratzen dira antolatzaileek gutxieneko segurtasun hori lortzen ez duten bitartean. Ez genuke ahaztu behar Frantziako Tourrean ikusten ditugun txirrindulari profesional horietako asko txirrindulari eskoletan hasi zirela, kadete, junior eta 23 urtez azpikoen lasterketetan lehiatuz. Hau da, orain antolatzeko zailtasunak ditugun lasterketa horietan, hain justu ere".