Aingeru Guardako eguna ospatu dute Mendaron

Barren.eus 2023ko mar. 6a, 15:31

Martxoaren 1ean izan zen Aingeru Guardako eguna, baina ospakizun handia atzo egin zuten, Mendaron. Betiko osagaiak izan zituen Aingeru Guardako ermita inguruan ospatu zuten jaiak. Hitzaren liturgia lehehenengo, eta ondoren, bertso-saioa trikitilariek girotuta, eta aizkora jokoa. Arg.: Eukene Gurrutxaga

Martxoaren 1ean, ohi legez, meza ospatu zuten Aingeru Guardako ermitan, Mendaroko Plaza auzoan, baina ospakizun handia iganderako gorde zuten, jende gehiago bildu aldera. Betiko osagaiak izan zituen jaiak: elizkizuna, bertso-saioa eta aizkora erakustaldia. Aitor Urbieta eta Maider Arregi aritu ziren bertsotan eta Igor Rey eta Maite Olazabal soinu eta panderoarekin. Aratz Mugertza eta Julen Cañamares lehiatu ziren gero aizkoran. Aizkora jokoa hasi aurretik, baina, Julen Cañamaresek zenbait figura osatu zituen egurrean motozerrarekin. Ondoren, egur bana ebaki zuten aizkolariek, zeinek azkarrago jokoan, eta hasierako lan hori bukatuta, beste egiteko bat jarri zieten: lau enbor ebagitzea eta ermita aurrean osatu zuten zirkuito txikiari hamarna buelta ematea. Julen Cañamarasek irabazi zuen jokoa. Bukatzeko, berriro motozerra hartu eta aulki bat egin zuen Cañamarasek, motozerrarekin ere aizkorarekin bezain abila dela erakutsiz.

Antolatzaileek bi sari ere banatu zituzten. Lehenengo saria, jan-edanez osatutako otarrea, Iraitz Ferreirak irabazi zuen, eta bigarren saria, Julen Cañamares aizkolariak motozerrarekin egurrean egindako eskultura, Leonor Barrerasek, baina herriko gazte talde bati oparitu zion hark saria. Antolatzaileek txosna ere jarri zuten, Aingeru Guarda gerturatu ziren gose-egarriak asetzeko.

2023 03 05 aingeru guardako jaiak mendaro bertsolariak

2023 03 05 aingeru guardako jaiak mendaro

2023 03 05 aingeru guardako jaiak mendaro egurrezko lauburua

2023 03 05 aingeru guardako jaiak mendaro otarra irabazlea