ELA sindikatuko Deba eskualdeko ordezkaritzak zabaldu duen oharrean diotenez, 2012. urtetik azpikontrataturiko BPXport enpresek kudeatzen du Elgoibarko Udal Kirol Patronatuaren zerbitzua. "Duela 11 urte azpikontratatutako enpresak bost hilabete soldatarik gabe laga gintuen. Hori dela eta, Udal Kirol Patronatuak beste lizitazio bat egin zuen, eta enpresa berri bati eman zion zerbitzua. Enpresa horrek, BXPport enpresak, patronatuaren adostasunarekin, soldata murrizketa garrantzitsu bat sinatu arazi zigun, eta antzinatasuna eten zigun, kaleratzeko mehatxuarekin. Ez dugu onartuko, berriro ere, duela 11 urteko baldintza txarrik. Hitzarmenik gabe eta 2012an kobratzen genuena baino soldata txikiagoarekin gaude", adierazi dute.
Gipuzkoako beste kiroldegi batzuetan lanean diharduten beharginek sinatuta duten hitzarmena eskatzen dute Elgoibarrerako.
Elgoibarko beharginek BPXport enpresarekin dute lan gatazka, eta enpresa horrek zerbitzuak kudeatzen dituen beste herri batzuetan ere eurenaren antzerako gataztak izaten ari direla diote. "BPXport enpresak kirol arloan Gipuzkoan dauden lizitazioen %90a du, eta, dagoen tokian, gatazkak daude. Herri batzuetan langile asko greban daude, enpresa hori langileen baldintzak gutxiesten saiatzen delako".
ELA sindikatuak dio, Elgoibarko kasuan, urtean 80.000 euro baino gehiagoko irabazi gordina duela enpresa honek, eta apenas dutela gasturik. "Ez dute instalaziorik, ezta materialik ere, langileak azpikontratatzeaz arduratzen dira soilk. Izugarrizko onura izan arren, ez dute negoziatu nahi langileokin, ez daude prest gure lan baldintzak hobetzeko". Patronalaren diru goseak ez duela mugarik salatu dute eta honako galdera bota dute: "Zergatik jasotzen du BPXport enpresak Elgoibarren diru kopuru hori, langileak egoera larrian dauden bitartean?"
Enpresari bakarrik ez, Udal Kirol Patronatuari eta Elgoibarko Udalari ere azalpenak eskatu dizkiete kirol langileek, enpresaren mesedetan ari direla uste baitute. Patronatuak euren baldintzak ezagutzen dituen arren, "langileen eta enpresaren artean landu beharreko gaia" dela esan diete. Langileek, baina, Patronatuari leporatzen diote lizitazioa atera aurretik enpresarekin langileen lan baldintzen "prekarizazioa" negoziatu izana, eta horren inguruan adierazteko eskatu diote patronatuari.
Kirol langileek salatu dutenez, Udal Kirol Patronatuak "behin eta berriro" egin die kale. "Ez dago komunikaziorik patronatuarekin, ez digute ezertan lagundu, eta, ondorioz, zenbait langile aldi baterako ezintasun egoeran egon dira". Aldiz, Patronatuari aurpegiratzen diote harreman "estua eta ona" izatea BPXport enpresarekin. "Gure lan baldintzak 2012an prekarizatzeko eta azken 11 urtetan hobekuntzarik ez egiteko harreman ederra mantentzen dute", adierazi dute. Era berean, Alkatetzari Udal Kirol Patronatuaren jarrera bera hartzea eta "perfilez" jartzea egotzi diote, "jakin arren, langileen aldarrikapenei jaramonik egin ezean, ematen duten zerbitzuan igarri egingo dela". Beste galdera bat eginez bukatzen dute idatzia: "Zertarako dago Patronatua, zerbitzuak enpresei azpikontratazen bazaizkie? Zein da bere funtzioa?".
Elgoibarko Udalarekin harremanetan jarri da BARREN eta lan gatazka honetan "bitartekari lanak" egiten jarraituko dutela adierazi dute, "ahalik eta lasterren irtenbide bat topatzeko, eta, betiere, herritarrei ahalik eta zerbitzu egokiena ematea bermatze aldera".