Feminismoaren aldeko aldarriak herriko plazara eraman dituzte ikasleek

Barren.eus 2023ko mar. 8a, 15:34

Elgoibarko irakaskuntza ertaineko ikasleek manifestazioan ailegatu dira Kalegoen plazara, gaur eguerdian, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta (bideoa).

Ikasleenak izan dira eguerdiko mobilizaziorik jendetsuenak Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan, eta halaxe izan da Elgoibarren ere. Meka ikastetxeko ikasleek, bai Albitsurikoak eta bai Bernardo Ezenarro eraikinekoek, San Roken dagoen zentrotik hasi dute manifestazioa. IES Elgoibar Arreiturre BHI ikastetxe parean batu zaizkie institutuko ikasleak, eta Santa Ana kalean behera eginez, Kalegoen plazaraino ailegatu da manifestazioa. Plazan, IMHko ikasleak eta Elgoibar Ikastolakoak batu zaizkie eta baita hainbat udal langile eta herritarrak ere bai. Guztiek zirkulo handi bat osatu dute plazan, aldenik alden. Mekako, institutuko eta IMHko ikasleek okasiorako prestatu dituzten adierazpenak irakurri dituzte mikrofono aurrean.

Adierazpen eta aldarrikapenen ostean, Irradaka dantza saioa egin dute plazan bildutako askok. Emakumeek borobilean jarrita eta eskutik helduta dantzatzen duten dantza da irradaka, Elgoibarren neska eta mutil elkarrekin aritu badira ere dantzan, zuzeneko musika eta abeslari batekin gainera. Mundu zabalean hainbat kultura eta garai historikotan dantzatu dira emakumeak. Dantzarako egitura zaharrenetakotzat jotzen da irradaka eta Argia dantza taldea berreskuratze lan horretan aritu da azkeneko urteetan Euskal Herrian.

Ekitaldiari amaiera emateko, 'Konplize ditut eta' (Mikel Markez-Aire Ahizpak) abestia kantatu dute guztien artean.

Martxoaren 8aren harira Elgoibarren eta Mendaron prestatu dituzten ekintzen egitaraua HEMEN

 

 2023 03 08 m8 elgoibar ikasleak plazan paroramikoa BARREN

2023 03 08 m8 elgoibar ikasleak pankartak plazan BARREN

2023 03 08 martxoak 8 manifa ikasleak musikariak BARREN

2023 03 08 m8 elgoibar ikasleak pankartak 1 plazan BARREN

2023 03 08 m8 elgoibar ikasleak betaurreko moreak plazan BARREN