Bihotz-biriketako gelditze-egoeretan dauden pertsonei premiazko laguntza emateko sistema ezarriko du Mendaroko Udalak herrian. Horretarako, desfibriladoreak jarriko ditu espazio publikoetan, larrialdi-egoeraren bat izanez gero eskura izateko. Lau dira jarriko dituzten desfibriladoreak eta haiek jartzearekin batera, bihotz-birikak bizkortzeko teknikak eta desfibriladoreen erabilera irakatsiko dizkiete boluntarioei. Izan ere, boluntario sare bat osatu nahi dute Mendaron ere, beste zenbait herritan bezala. Boluntario sare hori aplikazio batera konektatuta egongo da, eta haien beharra dagoenean automatikoki jasoko dute mezua.