Laburbira zikloa emango dute eguaztenean Elgoibarko Herriko Antzokian

Barren.eus 2023ko mar. 13a, 13:37

Herriz-herri dabil euskarazko film laburren zirkuitu ibiltaria, eta eguaztenean, martxoaren 15ean, ailegatuko da Elgoibarrera. Euskal Herri osoan ekoitzitako film laburren bilduma batzen du Laburbirak, aurten hogei urte bete dituen ekimenak.

Elgoibarko Udalak eta Ongarri zineklubak antolatuta, euskarazko zazpi film labur emango dituzte eguaztenean Elgoibarko Herriko Antzokian, Laburbira zikloaren barruan. 21:00etan hasiko da saioa, eta doan izango da.

Hauek dira film laburrak:

  • Muskil (zuzendaria: Marina Perosanz): “Ixabel eta Pedro Muskil baserrian bizi dira. Luisa, herriko maistra berria,ondoko baserrira etortzean bizimodua aldetuko zaio Ixabeli”.
  • Olatuen isiltasuna (zuzendariak: Maria Bartolome, Eric Campos eta Fernando Martin):“Urtero-urtero Lekeitioko kaleetatik ibilbide berdina egiten du film honetako protagonistak zerbait edo norbait bilatzeko asmoarekin…”
  • Irrits (zuzendaria: Maider Oleaga): “Izaro eta Clara, 17 urteko nerabeak, begirale lanetan ari dira haurrentzako udalekuetan. Halako batean, Clarak irrikaz musukatzen du laguna. Izaro, grinak itsututa, noraezean dabil gertatu zaiona kudeatu nahian…”
  • Erlojupekoa (zuzendaria: Leire Egaña): “Astronautaz jantzitako rider bati enkargu bat jasotzeko mezua iristen zaio. Lortuko al du bere misioa betetzea erlojupekoa amaitu baino lehen”.
  • Hitzak (zuzendaria: Josu Martinez): “1966, Ipar Euskal Herriko Bizkarsoro izeneko herrixkan, lau neska gaztek lurperaturik zeuden hitzak aurkitu dituzte. Michellek, 21 urteko gazteak, ez ditu ulertzen. Familian aspaldian galdu zuten hizkuntzan idatziak dira…”
  • Asko falta da? (zuzendaria: Ane Cuesta): “Neska gazte bat asteburu pasa doa lagun talde berri batekin. Egun batetik bestera, gau bakar batean, dena aldatuko da”.
  • Koadro goriari heldu (zuzendaria: Iulen Arana): “Herminia, 91 urteko andre bakartia, egoitza batean bizi da. Ez du inorekin harremanik, zentroko langile bat harengana hurbiltzen saiatzen den arte”.

 

Euskaltzaleon Topaguneak sortu zuen Laburbira, duela 20 urte, euskarazko sortzaileen lana ezagutzera emateko, eta herritarrei gurean eta euskaraz sortutako lanak ikusteko aukera eskaintzeko. Aurtengo aukeraketa lurraldetasuna, genero berdintasuna eta filmeen maila kontuan hartuz egin dute, "ikusleei ahalik eta emanaldi aberasgarriena" eskaintzeko. "Gaur egungo zinemagintzaren lagin aparta izaki, gure sortzaileen lanaz gozatzeko aukera emango die Laburbirak herritarrei; eduki zein estiloz denetariko pelikulekin osatua baidator film-labur sorta", azaldu dute Euskaltzaleon Topagunetik.