Haurrentzako zuhaitz landaketa antolatu zuten elkarlanean Elgoibarren Baso Biziak elkarteak, Atxutxiamaika aisialdi taldeak, Lurgaia Fundazioak eta Morkaiko Mendizale Elkarteak.
Guztira 100 bat lagunek hartu zuten parte bertako zuhaitz espezieak landatzeko ekimenean, eta arduradunek jakinarazi dute parte hartzeko prest zeuden lagun batzuk kanpoan geratu zirela, logistika arazoengatik. Barkamena eskatu diete horiei. Era berean, eskerrak eman dizkiete Lurgaia Fundazio-ri, lurjabeei, Soraluzeko eta Eibarko Baso Biziak elkarteei eta Bellota enpresari landaketarako erreminta eta materialak lagatzearren, hamaiketakoa prestatu zutenei, Upagoitxiko Iñakiri eta Kutxari zuhaitzak emateagatik. 250 zuhaitz landara sartu zituzten Muskiritzu inguruan.
Amaitzear den negu honetan hiru zuhaitz landaketa egin dituzte Elgoibarren. Joan den otsailaren 4an egin zuten lehen landaketa saioan bertako espezietako 700 zuhaitz landara sartu zituzten Muskiritzuko hegalean dauden lurretan, eta 550 landare landatu zituzten inguru berean otsailaren 25ean. Hortaz, domekan landatu zituzten 250ak gehituta, 1.500 zuhaitz ditu bizia hartzen hasi den baso berriak.
*Argazkiak: Elgoibarko Baso Biziak.