Aurtengo txapelketak hamabi jardunaldi izango ditu, eta Elgoibarko bolatokietan jokatuko dituzte horietako bi, aurrenekoa Idotorben (apirilak 1) eta azkenaurrekoa Aiastiako bolatokian (ekainak 3). Azpeitiko Garmendipen jokatuko dute azken jardunaldia, ekainaren 10ean. Ohikoa denez, egun horretan, parrekoak erabakitzeaz gain, Lehendakari Saria ere izango da jokoan. Tiraldi guztiak 17:00etan hasiko dira, Azpeitiko azkena kenduta: bazkaria ere tartean egonda, egun horretakoa, betiko lez, 11:00etan hasiko dute.
• Garikoitz Rodriguez irabazle Eibarren
Garaipena etxean gelditu zen txapelketako lehen tiraldian, Garikoitz Rodriguez eibartarrak irabazi baitzuen Asola Berriko bolatokian jokatutako jokoa. Egin zituen hiru tiraldietan zortzi txirlo bota zituen (3-2-3). Soraluzeko San Andres taldeko Lander Odiala sailkatu zen bigarren postuan, sei txirlo botata eta Asola Berri taldeko Alex Camposek osatu zuen podiuma (sei txirlo). Unai Loilak (San Migel A) lortu zuen sailkapen onena Elgoibarko bolarien artean, 17. postuan sailkatu zen, hiru txirlo botata.
Bergarako San Joxepe bolatokian jokatuko dute bigarren jardunaldia, zapatuan, martxoaren 18an.