Esperientziak eta konplizitateak partekatzeko eta elkarrekin aurrera egiteko elkartu dira Mendaron emakumeak, te baten bueltan

Barren.eus 2023ko mar. 17a, 11:46

Emakumeen kafe tertulia antolatu zuen atzorako Mendaroko Udalak, herriko bi emakume sahararraren ekimenez eta Arno Guraso Elkartearen laguntzarekin, eta askotariko hogeita bi emakume elkartu ziren elkar ezagutzeko eta beren kezkez eta beharrez hitz egiteko. Hasiera baino ez zela izan nabarmendu dute Berdintasun Sailetik, eta nahi luketela atzokoari jarraipena ematea.

Jatorri, adin eta kondizio ezberdineko hogeita bi emakume elkartu ziren atzo Mendaroko udaletxean egin zuten kafe tertulian (Jubilatuen elkartean egitekoa zuten, baina lokala margotzen ari dira eta udaletxera aldatu zuten lekuz azkenean). Nabojuha Gailani eta Nadjia Djamai emakume sahararren ekimenez antolatu zuten atzoko saioa eta haiek eman zioten hasiera ere. Mendebaldeko Sahararen okupazioaz jardun ziren, sahararren etsipenaz eta emakume sahararrek askapen mugimenduan bete duten rolaz. Errefuxiatuentzako Tindoufeko kanpalekuetan jaio eta hazi ziren biak eta Europara migratu zuten gaztetan, etorkizun hobeago bat amets. Emakume migrante izanda hemen topatu dituzten zailtasunak ere aipatu zituzten eta bidea zabaldu zuten bilkurara batu ziren gainerako emakumeek beren kezkez hitz egiteko. Giro atseginean solastu ziren, bakoitza bere esperientziatik eta bizipenetatik. Zentzu horretan solasaldian parte hartu duten emakume batzuek aipatu zuten oso lagungarri izan zitzaiela euskara eskoletan izena eman izana, herriko beste jende bat ezagutzeko eta harremanak egiteko. Euskara taldekoekin, Arno Guraso Elkartearekin, eta UEMArekin elkarlanean antolatu zituen Mendaroko Udalak euskara eskolak eta aurten AEK Euskaltegikoak ari dira euskara irakasten Mendaron.

Atzokoaz, oso balorazio positiboa egin dute Berdintasun Sailetik eta azpimarratu dute nahi luketela atzokoa abiapuntua izatea. "Emakume guztiek aipatu zuten eraoso aritu zirela hizketan, espazio segurua iruditu zitzaiela atzo sortutakoa. Proposamen ezberdinak ere aipatu zituzten atzo eta denak dira aintzat hartzekoak. Garbi gelditu zen honi jarraipena ematea ezinbestekoa dela. Ez dakigu zein formatotan eta nola egingo dugun, baina behar-beharrezkoa ikusten dugu elkar zaintzen eta emakumeen artean sareak sortzen jarraitzea", esan du Uxue Alonso Berdintasun teknikariak.
Arg: Irati Agirreazaldegi

2023 03 16 Emakumeen topaketa Mendaron tea

2023 03 16 Emakumeen topaketa Mendaron 1