Horrez gain, hitzaldiak, mahai-inguruak eta bestelako mobilizazioak egin dituzte aste osoan zehar, eta bihar bukatuko dute asteko protesta, Bilbon egingo duten manifestazioarekin. 12:00etan izango da, Plaza eliptikotik abiatuta.
Pentsiodunek komunikabideetara bidalitako ohar batean azaldu dutenez, bost urte baino gehiago daramatzate gutxieneko 1.080 euroko pentsioa aldarrikatzen, eta mugimenduko kideek uste dute "oinarrizko diru-sarrera dela pentsiodun batek zahartzaroan bizitza duina izan dezan, eta neurri eraginkorra dela pentsioetan genero-aldea murrizteko".
Hego Euskal Herriko pentsioak %8,5 igo arren, pentsioen %69 ez dira hileko 1.000 eurora iristen, eta horietatik %77 emakumeenak dira. Edo, beste era bateta esanda, 199.800 pertsonak ez dute jasotzen 800 euroko hileko pentsioa; horietatik 154.000 emakumeak dira. Ostegun honetan prentsaurrekoan emandako datuen arabera, 1.000 eurora iristen ez direnak 279.480 pentsiodun dira, eta horietatik 199.800 emakumeak dira.
Gainera, Inflazio handiak milaka pentsiodunen egoera okertu duela azpimarratu dute Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendutik. "Etxebizitzen erosotasunari eustea, osasuna, elikadura osasuntsua eta arreta eta zainketa zerbitzuak bermatzea gero eta zailagoa da", esan dute. Horrekin batera, politika publikoen eta bereziki zerbitzu soziosanitarioen okertzea ere salatu dute.