Umeentzako liburu ilustratua da, eta momentuz gaztelaniaz dagoen arren, euskaraz ere argitaratzea gustatuko litzaioke.
• Zer dela-eta hartu zenuen Bartzelonarako bidea?
Batxilergoa amaitu ostean, Itzulpengintza ikasi nahi nuen, eta bi aukera neuzkan: Gasteiz edo Bartzelona. Bietan egin nuen proba, eta Bartzelonara joatea erabaki nuen. Hizkuntzak betidanik gustatu izan zaizkit, eta ingelesa eta gaztelania irakasten aritu izan naiz akademia batean. Pandemia baino hilabete aurretik Elgoibarrera itzuli nintzen, ez nekielako zer egin. Ikasten jarraitu nahi nuen, baina ez neukan argi zer ikasi nahi nuen. Hamar bat hilabetez egon nintzen etxean, eta Donostian jardun nintzen itzultzaile lanetan. Baina, niri liburuen edizioa interesatu izan zait beti, eta alor horretan masterra egitea erabaki nuen. Iaz itzuli nintzen Bartzelonara masterra egitera, eta momentuz, hemen geratu naiz.
• Hizkuntzak gustuko dituzula esan duzu eta japoniera ere ikasten aritu zarela.
Bai, betidanik gustatu izan zaizkit. Katalana ere ikasi dut eta C1 mailako azterketa gainditu dut. Euskara, ingelesa eta gaztelania dominatzen ditut, eta italieraz ere defendatzen naiz. Aupair lanetan egon nintzen han hilabetez, eta gero jarraitu nuen akademian ikasten; beraz, defenditzen naiz. Baina hizkuntza desberdin bat ikasi nahi nuen, eta japoniera aukeratu nuen. Alemanierak ez nau erakartzen eta frantsesarekin ere aspertuta nengoen. Txineraren soinua ere ez zait gustatzen, eta japoniera aukeratu nuen. Itzulpengintzan hiru hizkuntza aukeratu behar dira, eta hori izan zen niretzako hirugarren hizkuntza. Aitortu behar dut tortura japoniarra izan zela. Oso zaila egin zitzaidan. Hitz egiteko eta ulertzeko moldatzen nintzen, baina idaztea oso zaila egiten zitzaidan. Erasmus programarekin Canterburyra (Ingalaterra) joan nintzen hirugarren maila egitera eta han tokatu zitzaidan japoniera irakaslea oso zorrotza zen. Lau urtez aritu nintzen japoniera ikasten, baina konturatu nintzen hizkuntza hori ez zela niretzako modukoa.
• Itzulpengintza bukatu eta masterra egin zenuen liburuen ediziogintzan. Zertan diharduzu orain?
Argitaletxe bati edizio zerbitzua ematen dion enpresa batean egiten dut lan. Argitaletxe batzuek ezin izaten dute lan guztia egin eta lan batzuk kanpora ateratzen dituzte. Guk argitaletxe baten lan berbera egiten dugu, baina ez dugu erabakitzen zer argitaratu eta zer ez. Hori da diferentzia. Itzultzaileak bilatzen ditugu, zuzentzaileak, diseinuaren parte bat ere egiten dugu, baina ni batez ere liburu bat ateratzeko prozesuaren kudeaketaz arduratzen naiz.
• Zure estreinako liburua kaleratu duzu: 'Inesa Gaxen'. Zertan datza?
6-8 urteko umeentzako irakurketa errazeko liburu ilustratu bat da. Praktikak egin nituen Adapta izeneko argitaletxe txiki batean, eta mota honetako liburuak argitaratzen dituzte katalanez, galegoz, gaztelaniaz eta euskaraz. Masterreko praktiken barruan sortu zitzaidan umeentzako ipuin ilustratuen bilduma bat egitea, eta liburu hau da bilduma horretako lehenengoa. Euskal Herrian eta euskaraz saltzea zen hasierako asmoa, baina Euskal Herriko aurtengo publikazioen barruan ez zioten lekurik ikusi nire proiektuari. Azkenean, Adaptarekin kaleratzea lortu dut, Akelarreaventuras izeneko bilduma batean, baina gaztelaniaz. Historiako sorginen biografiak eta abenturak dira. Inesa Gaxen XVII. mendean Nafarroa Beherean jaiotako emakumea izan zen. 18 urte zituela sorgin zela salatu zuten, eta ihesi ibili behar izan zuen. Bost liburu argitaratzeko asmoa daukat, bost sorgin historikoren biografian oinarrituta. Inesa euskalduna da, beste bat Aragoikoa da, bestea galiziarra, Kanariar Uharteetakoa laugarrena eta kataluniarra beste bat. Argitaletxe txikia da Adapta eta momentuz gaztelaniaz bakarrik argitaratu didate, baina hemendik urtebetera edo gustatuko litzaidake Inesa Gaxen euskaraz ere kaleratzea. Bigarren liburuko protagonista Elisabeth Martí izango da, emakume kataluniarra, eta hain justu ere San Jordi Egunean kaleratuko dugu, apirilaren 23an, katalanez. Gironako Viladrau herrian jaio zen Martí. Herri oso txikia da Viladrau, eta garai batean 14 sorgin hil zituzten bertan. Europako sorgin hilketa handienetarikoa izan zen, eta 14 sorgin horien izenak ere aipatzen dira liburuan. Larrosa baten bueltan osatu dut istorioa, San Jordi Egunean larrosak ere garrantzi handia duelako. Irailean kaleratuko dut hirugarrena, baina sorginaren biografia modura beharrean, abentura moduan idatziko dut. Ni biografia zalea naiz, baina umeentzako bilduma denez, abenturekin tartekatzeko eskatu zidaten.