Jose Luis Ibarzabalek jaso du arte eszenikoen azoken koordinakundeak ematen duen saria

Barren.eus 2023ko mar. 17a, 18:08

Jose Luis Ibarzabal Egibarrek 2023ko COFAE saria jaso du, arte eszenikoen azoken koordinakundeak (COFAE) ematen duen saria, epaimahaiak aho batez horrela erabakita.

Jose Luis Ibarzabalek (Azpeitia, 1959) 26 urtez (1996-2022) jardun zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko teknikari karguan lanean, zehazki, antzerkiaren arloan. COFAEk, hain zuzen, eremu horretan egindako lana aitortu dio Ibarzabali sariarekin. Saria nori eman erabakitzeko epaimahaia eratu zuen COFAEk, eta epaimahaikideak joan den martxoaren 13an batu ziren saritua adosteko, Donostian, 2023ko dFERIA, arte eszenikoen azokan parte hartzeko etorriak zirela probestuz. Aitortzak hunkitu egin du Ibartzabal eta "bihotz-bihotzez" eskerrak eman dizkie sariagatik.

Ibarzabalek "eremu publikotik arte eszenikoen kudeatzaile gisa egindako lana eta euskal sorkuntza artistikoen sustapenean izan duen inplikazioa" aitortu nahi izan ditu epaimahaiak, baita arte eszenikoen azokekiko izan duen "babesa eta konpromisoa" ere, sektore profesionalerako merkatu eta topagune gisa. Nabarmendu dutenez, Ibarzabalek erantzukizuna eta adeitasuna jarri ditu administrazioaren eta arte eszenikoen munduaren artean, "berak duen seriotasunari, konpromisoari eta harreman pertsonaletarako gaitasunari esker". Epaimahaiaren arabera, "modu eraginkorrean duindu du funtzionario izaera", SAREA Euskal Antzokien Sarearen bultzatzaileetako bat izan baita azken urteetan. "Lankidetza estuan" aritu da COFAEko hainbat azokatan, "euskal artisten eta kultur eragileen kultur trukea sustatuz". Era berean, COFAEk adierazi du euskal azokak sustatzen zein sendotzen aritu dela urteetan, besteak beste, DFeria zein Leioako Umore Azoka. Hori dela eta, iazko Leioako Umore Azokaren sari berezia Ibarzabali eman zioten, egindako lanaren aitortza gisa.

2023 03 17 jose luis ibarzabal 2015 barren b1

Honakoek osatu dute COFAE sariko epaimahi profesionala (beheko argazkian):

  • Toni Alvarez: Extremadurako arte eszeniko eta ikus-entzunezkoen zentroko (CEMART) zuzendaria.
  • Esther Campadabal: Kataluniako Industria Kulturalen Institutuko teknikaria.
  • Daniel Galindo:RTVEko kazetaria, arte eszenikoetan aditua eta 'La sala de RNE'ko zuzendaria.
  • Manuel Jesus Gonzalez: COFAeko presidentea eta Gaztela eta Leoi/Ciudad Rodrigoko azokako zuzendaria.
  • Natalia Lloreta: FiraTarrega-ko zuzendaria eta COFAEko zuzendaritzako kidea.
  • Xoxe Paulo Rodriguez: A Coruñako Rosalia Castro antzokiko zuzendaria.

2023 03 17 epaimahaia COFAE saria joseluis ibarzabali