Barikuko bertso saioan Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Alaia Martin eta Joanes Illarregi bertsolariak aritu ziren kantuan San Agustin kulturgunean, Ainhoa Urbieta gai-jartzailearen esanetara. Aretoa bete egin zen eta giro ezin hobea jarri zuten bertsolariek. Kilimon Trail, euskararen kaleko erabileraren datuak, Ukraina eta Errusiaren arteko gatazka, anguleroena, 'Bat, bi, hiru... erantzun mesedez' ariketa... seriotik eta umoretik, bietatik izan zuen bertso-saioak eta gogotik gozatu zuten entzuleek. Saioan, aurtengo ikasturtean sortu duten Mendaroko bertso eskolako ikasle gaztetxoek ere parte hartu zuten. Bi edo hiru laguneko taldeak osatu eta taldeka bertso bana kantatu zieten bertsolariei, eta haiek erantzun. Oholtzan izan zen, baita ere, Amagoia Basurtok Motxaila egunerako propio sortutako panpina, bertsolariek Kilimona izenarekin bataiatu zutena.
Ospakizun egun handia, baina, zapatukoa izan zen. Goizean, eta usadio bihurtu den eran, Gaztetxetik Aitzbeltz kobazulora arteko bidea egin zuten dozenaka lagunek. Han, Angel Mari Tobajas Morkaiko-Leizarpe espeleologia taldeko kideak kobazuloaren inguruko hainbat azalpen eman zizkien bildutakoei, eta kopetako-argiak jantzita kobazuloko galeria handian barrura ere egin zuten haren laguntzarekin. Ondoren, Gartxot Fidalgo mendaroarrak Ismael Serranoren 'Papa, cuéntame otra vez' kantuaz Maialen Arzallusek euskaraz egindako bertsioa kantatu zuen gitarra hartuta, eta Frantziatik eta Galestik etorritako bi neskak, Marina Jubienek eta Jessica Evansek, Mikel Laboaren 'Txoriak txori' kantatu zuten. Evansek, gainera, bakarka eta ukelele batekin, ‘Y Mynydd Hyd’ abesti galestarra ere kantatu zuen. Gartxotek eman zion azkena musika emanaldiari, Silvio Rodriguezen 'Playa Girón' kantuarekin.
Mokadutxoa ere egin zuten bertan, beherako bidea hartu aurretik. Gaztetxean bazkaria ere antolatua zuen Motxaila Elkarteak eta 60 bat lagun elkartu ziren han. Bazkaritarako txartel guztiak agortu ziren, eta giro polita sortu zela nabarmendu dute antolatzaileek. Bazkalostean, tabernaz tabernako ibilaldia hasi zuten Miren Gisasola musikari eibartarra lagun hartuta, eguraldiak lar lagundu ez zuen arren. Gauean, berriz, Basapiztiak herriko taldeak kontzertua eman zuen Gaztetxean, eta haren ondoren, Beasaingo Muxutruk taldeak erromeria giroa jarri zuen. Eta goiz hasi zen jaia luzatu zen goizaldera arte.
Hona Aitzbeltz kobazuloko ekitaldiak Ion Urbietaren bideoan:
ArgazkiaK. BARREN, Nahiara Mugertza, Dorleta Lazarobaster eta Maite Mendikute.