Txapelketa honen bederatzigarren ekitaldia antolatu du aurten egoitza nagusia Iruñean duen Nafarroako Unibertsitateak, eta lehiaketara aurkeztutako 58 taldeetatik hamar sailkatu ziren finalerako, tartean Ihintza Gonzalez Moreno elgoibartarrak eta Lucia Madina Arrillaga eta Janire Prieto Arribas debarrek osatutako 'Elgodebarrak' izeneko taldeak (goiko argazkian).
Martxoaren 11n jokatu zuten finala, Iruñean. Lehiakideei benetako kasu kliniko bat aurkezten zieten Nafarroako Unibertsitateko medikuntza ikasle ohiek osatutako epaimahaikideek, eta ikasleek gaixoen diagnostikoan asmatu eta tratamendu egokienak proposatu behar zituzten. Epaimahaiak Iruñeako San Cercin ikastetxeko hiru ikaslek (Marcela del Pozo, Miriam Campos eta Elena Zabal) osatutako taldeari eman zion lehen saria, biriketako minbizia garunean metastasi egin zaion paziente baten kasuaren diagnostikoan egin zuten lanagatik. Esan moduan, bigarren postua eskuratu zuen IES Elgoibar BHI ikastetxeko taldeak eta Almeriako SEK Alborán International School ikastetxeko taldea sailkatu zen hirugarren postuan.
Osasun zientzien arloko ikasketak hasi nahi dituzten edo hasteko zalantzan dauden batxilergoko ikasleei unibertsitatean bizi dezaketenaren pareko esperientzia bat eskaintzeko helburuarekin sortu zuten lehiaketa hau.