Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak jarri zuen martxan, 2022 bukaeran, Etxebizitza Sindikatua. Debabarrenean etxebizitzarekin lotutako askotariko arazoak izan ditzaketenei laguntzeko helbururekin jarri dutela martxan azaldu zuten, joan den abenduan, Arrasaten egin zuten aurkezpenean (ikus aurkezpeneko bideoa goiena.eus-en).
Ekimenaren bultzatzaileek diote egun bizi den egoeran langile klasearentzat eguneroko arazoa dela etxebizitza, eta presioak, mehatxuak, prezioen igoera arbitrarioak eta etxebizitzen kalitatea jaistea jartzen dituzte horren adibide gisa.
Hala, Etxebizitza Sindikatuaren baitan hainbat ekimen aurreikusten dituzte. "Hasieran, asanblada sortuko dugu eta bertan landuko dira etxebizitzari dagozkion esparru eta kezkak. Aurrerago, aholkularitza juridikoa ere eskaintzea da asmoa. Aldarrikatzen dugu doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa den etxebizitza", azaldu du Deba Bailarako Kontseilu Sozialistako kide Eneko Kortabarriak.
Etxebizitza Sindikatuaren aurkezpena egiteaz gainera, orain arte egin dutenaren berri emango dute Elgoibarren egingo duten bileran, bereziki Lanbideren kontrol burokratiko eta poliziala salatzeko egin duten ekimena azalduko dute. Aurrera begirako eginbeharrak ere aztertuko dituzte.
- Elgoibarko Kultur Etxean izango da bilera, martxoaren 24an, 18:30ean.
Etxebizitza Sindikatuarekin harremanetan jartzeko helbide elektronikoa honako hau da: esindikatua.debabailara@gmail.com; eta telefono zenbakia, aldiz, hauxe: 653 534 098.