Institututik azaldu dutenez, egin duten elkarretaratzean erabili dituzten kartelak zein afixak (goiko irudian) egiten ikasleak ibili dira asteon, atsedenaldietan, eta "euskararekin ditugun kontraesanak" islatu nahi izan dituzte idatzi dituzten mezuetan. Era berean, azken hilabeteetan epaitegietan eta hezkuntzan euskarari egin zaizkion "erasoak" salatu dituzte. Protesta ekitaldiaren amaieran, Euskara Batzordeko ikasleek batxilerreko ikasgelak dauden pasiloetako hormetan zintzilikatu dituzte kartelak.
Euskarazko hezkuntzaren alde kalea hartzera deitu zuten gaurko Gazte Euskaltzaleen Sareak, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko euskara taldeek eta Ikamak. Euskara ardatz izango duen hezkuntza sistema baten aldeko protesta jendetsuak egin dituzte ikasleek Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu dute, "Euskal Herritik Euskal Herrirako hezkuntza sistema propio bat" beharrrezkoa dela izan da aldarrikapen nagusia. Eta, kritikatu egin dute egungo hezkuntza sistema. "Hezkuntza prozesua %100ean euskaraz egiteko ezintasuna argia da. Irakasle euskaldunen falta, euskarazko zerbitzurik eza, euskaratu gabeko material didaktikoa eta beste dira urtez urte ikasleek pairatzen dituzten eskubide urraketak. Ondorioz, euskaldunak bigarren mailako herritar moduan hartzen dituzte", adierazi dute mobilizazioen deitzailek eta diote agerikoa dela hezkuntza eredu honek ez duela belaunaldi berriak euskalduntzeko gaitasunik.