Mikel Martinez: "Osasungarria da gure miseria handi eta txikiez barre egitea"

Barren.eus 2023ko mar. 24a, 14:45

'Ez dok ero' antzezlana taularatuko dute domekan San Agustin kulturgunean, 18:30ean, eta doan izango da. On Mikelote eta Pantxo aktore bikotearen amaiera iritsi da, baina Mikelotek ez du onartu nahi. Mikel Martinez (Tartean teatroa) aktoreak eman ditu obraren xehetasunak.

 

 • 'Ez dok ero' antzezlana taularatuko duzue domekan. Zertan datza?
Urte asko daramatzagu Patxo Telleria eta biok elkarrekin lanean eta obra asko egin ditugu azken hamabost urteotan. Beti jolasten dugu euskararekin, eta geure buruari egiten diogu barre, euskaldunon buruari. Baina 'Ez dok ero' obra honetan Patxo eta Mikeli egiten diegu barre zuzen-zuzenean. Aktoreak gara, antzerkia euskaraz egiten dugu baina heldu zaigu erretiroa hartzeko unea, ikusleak aspertuta daudelako gurekin. Pantxok onartu du, baina Mikelotek ez du batere argi ikusten. Benetako On Kixote balitz moduan, salbatzailearen paperean sartuko da On Mikelote, eta bere lagun Pantxo leialarekin bidera irtengo dira berriz, euskal antzerkia eta euskara eraberritzera eta salbatzera. Bidai horretan porrot egingo dugu, baina oso modu barregarrian.

 • On Kixote eta Sancho Panzaren arteko harremanean oinarrituta daude zuen pertsonaiak?
Bai, hori da. Ene Pantxo fidela, On Mikelote Arintzanokoa naiz, euskal antzerkiaren teatrero andantea... Hori da testuaren zati bat. Gure bidaian joango gara Arantzazura, Donostiara danborrada ikustera, Guggenheimera, Durangoko azokara... Gauza oso barregarriak gertatuko zaizkigu.

 • Umore berezia egiten duzuela esaten duzue. Zein ezaugarri ditu zuen umoreak?
Barre egiten dugu, baina oso modu ironikoan. Lotsa apur bat ere ematen dit esateak, baina umore inteligentea egiten dugu. Bikote ona osatzen dugu oholtzan, bioi gustatzen zaigu umore mota hau, baina Patxok idazten ditu lanak eta meritu handiena berea da.

 • Zuen buruari eta euskaldunoi barre egiten diezuela esan duzu. Euskaldunok ba al dakigu geure buruaz barre egiten?
Bai, hori frogatuta daukagu. Euskaldunok geure buruaz barre egiten ez jakitearen fama daukagu, baina, kontrakoa dela esango nuke. Agian ez litzaiguke gustatuko kanpoko batek gutaz barre egitea, baina bertakoek egitea oso ondo onartzen dugu. Osasungarria da gure miseria handi edo txikiez barre egitea, eta guk maitasun handiz egiten dugu.

 • Animatu mendaroarrak domekan antzerkira joatera.
Barre egin eta oso ondo pasatuko dute, eta ikusten dutena gainera, ez dute berehalakoan ahaztuko. Denbora pasatu arren, gogoratuko dute eta hori ez da gutxi!