"Gaur bertatik bertara egiaztatu ahal izan dugun moduan, erakundeek abandonatuta bizi dira Altzolako bizilagunak, eta zerbitzu publikoen gabezia salatu nahi dugu", esan zuen Miren Echevestek. Evaristo Rodriguezek Altzola "hilzorian" dagoen auzoa dela adierazi zuen, zerbitzurik eta komertziorik ez dagoela-eta. "Bizilagunak auzotik kanpora joatera behartuta daude euren premiak asetzeko". Egoera horrek badu jatorri bat Rodriguezen ustetan, eta da norbaitek erabaki zuela Altzolan diru publikoa inbertitzea ez dela lehentasunezkoa. Ez dabiltzala zuzen uste du, Altzola Elgoibarko auzo bat gehiago dela gogora ekarri baitu, eta bertako bizilagunek herrigunean bizi direnen eskubide eta behar berdinak dituztela dio. "Horregatik gaude gaur hemen, garbi eta ozen adierazteko Altzolak dituen premia guztiak: tren geltokia mantentzea behar du, zerbitzu osoarekin; kaleak konpontzea behar du, hormak konpontzea, zuntz optikoa ezartzea Internetera abiadura handiko sarbidea izateko; eta, behar du baita ere bidegorri bat, Mendaroraino bakarrik ez, Debaraino ailegatuko dena. Labur esanda, auzo honek suspertzea behar duela aldarrikatzeko gaude gu biok gaur Elgoibarren", adierazi zuen Rodriguezek.
Altzolako errealitatea zein den ezagutu ostean, Gipuzkoa bi abiaduratan doan lurraldea dela salatu zuen Mien Echevestek. "Halako errealitaterik ez dela ematen gure lurraldean diote batzuek, ez dela egia, baina Altzolak erakusten digu egia dela". Altzolako bizilagunek "edozein zerbitzu lortzeko" auzotik irten beharra ez dela jasangarria ez eta bidezkoa ere gaineratu zuen. "Altzola moduko auzoetan badago bizitza, eta bizitza horri eutsi behar zaio. Gure Gipuzkoa ezin da hustu, ezin da utzi zerbitzurik gabe. Hemen Euskotrenen trenak hainbat geldialdi egiten ditu egunean zehar, eta azken proiektuan ikusi da asmoa dagoela hemen dagoen geltokia kentzeko, eta auzotarrek duten zerbitzu bakarra ezabatzeko. Horrek argi erakusten du zein den EAJk eta PSEk defendatzen duten proiektua, eta da Gipuzkoako herri txikiak zerbitzurik gabe lagatzea". (ikus bideoan Miren Echevesteren adierazpenak)