Gipuzkoako Lehen Mailako Xake Txapelketan lehiatzen diharduen Zubi-Ondo xake taldeko Danobat Elgoibar taldea txapeldunorde izan zen iaz, eta aurten lortu dute hainbat urtean irrikatzen zuten lorpena, Gipuzkoako Liga irabaztea. Eta garaipen honi esker, Gipuzkoako gorengo mailan lehiatuko dira hurrengo denboraldian, Gipuzkoako xake talde onenen aurka. Maila horretan orain dela 34 urte aritu zirela azkenengoz azaldu dute taldetik. Hiru denboralditan lehiatu ostean (1987/88, 1988/89 eta 1989/90), 1990ekoan galdu zuten maila. Jesus Ángel Hijano, Gustavo Barrenetxea, Paco Perez eta Juan Manuel Navarro izan ziren orduan taldekideetako batzuek. Navarro da 1990ean gorengo mailan jokatu zuen talde hartatik gelditzen den taldekide bakarra. Felix Manso, Mikel León, Markel Kerexeta eta Ivan Fernándezekin batera osatu du aurten igoera lortu duen taldea.
Gipuzkoako Lehen Mailako xake txapelketan hamasei talde lehiatu dira, bi multzotan banatuta. Horietako batean lehiatu ziren Elgoibarko bi talde, Danobat Elgoibar eta Createch Medical. Lehen postua eskuratu zuten lehenek eta igoerako fasea jokatzeko sailkatu ziren. Createch Medical taldea, berriz, bosgarren postuan sailkatu zen eta jaitsiera fasea jokatu behar izan zuen. Ez zute arazorik izan mailari eusteko, faseko talderik onena izan baitziren. Era berean, igoera faseko talderik onena izan da Danobat Elgoibar, eta txapelketa irabazita gorengo mailarako sailkatzea lortu dute.
Elgoibarko hirugarren talde bat, Berkoa Elgoibar, Gipuzkoako Bigarren mailan lehiatu da, baina ez ziren sailkatu igoera fasea jokatzeko.